‘Zura eta Ura’ erakusketa ikusgai egongo da Lekeitio Eskolape aretoan
Atabaka kultur elkarteak antolatutako ekimenak argazkigintza eta literatura uztartzen ditu.
Ekainaren 24tik uztailaren 6ra ‘Zura eta Ura’ erakusketa antolatu du Atabaka kultur elkarteak Lekeitioko Eskolape aretoan. Aste egunetan 18:00etatik 21:00etara egongo da zabalik eta asteburu eta jai egunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara. Konrado Mugertza getxoztarrak sortutako erakusketak itsas portuen nortasunari buruz mintzo da argazki eta testu literarioen bidez.
“Gure arrantza portuek eraikuntzan zura material sintetikoekin ordezkatzearen ondorioz izan duten nortasun galerari buruz hausnartzera gonbidatzen du ikuslea”, adierazi dute. Testuak Miren Agur Meabek, Leire Bilbaok, Unai Elorriagak, Itxaro Bordak, Kirmen Uribek, Anjel Lertxundik, Arantxa Urretabizkaiak, Jokin de Pedrok, bai eta Jesus Mari Lazkano artista plastikoak, Humberto Astibia irakasleak eta Julian Murelaga Lekeitioko erriberako arotz eta irakasleak idatzi dituzte. Proiektu hau Lekeitioko Udalak, Bilboko Itsasmuseumek, Donostiako Aquariumak, Eikak eta Danobat kooperatibak babestu dute.
Era berean, proiektuak Bizkaiko Erriberako azken arotzak ere omendu nahi ditu. Erakusketa Bilboko Itsasmuseum eta Donostiako Aquariumen arteko ekoizpena da, bertan egon da lehendabizi, gero Bermeon eta orain Lekeitiora arte helduko da. “Momentu bereziki egokian helduko da herrira, itsas portuaren esteka eta erabileraren eraldaketa handia lekeitiarren ahotan bolo bolo dagoen bitartean”.
Barikuan, ekainaren 24ean, 18:00etan egingo dute erakusketaren zabalera-ekitaldia. Zapatuan, ekainaren 25ean,19:30ean Azkue Aretoan “Portuen deforestazioa eta itsas kontuak” solasaldia emango dute Konrado Mugertza, Miren Agur Meabe eta Leire Bilbao sortzaileek. Domekan, ekainaren 26an, 13:30ean, bisitaldi gidatua egongo da Konrado Mugertzaren eskutik. Azkenik, uztailaren 3an 19:30ean Konrado Mugertza eta Julian Murelaga erriberako arotza izango dira bisita gidatua emateko arduradunak.