Auzokoek auzorako eginiko jaiak
Uztailaren 2an eta 3an ospatuko dituzte Ziortza Bolibarko Arta auzoko sanpedroak. Briska txapelketa, bertso saioa, umeen jolasak eta dantza ikuskizuna nabarmentzen dira egitarauan.
Ziortza Bolibarko Arta auzoko bizilagunentzat San Pedro jaiek beti izaten dute esanahi berezia: etxekoak, senideak eta auzoko nahiz kanpotik etorritako adiskideak batzeko aitzakia ederra izan ohi da. Aurtengo egitarauak, baina, bestelako esangura gehigarria dauka, azken urteetan ezin izan baitituzte auzoko jaiak elkartuta eta ohiko egitarauagaz ospatu. Koronabirusaren pandemia egoerak urte biko etenaldia ekarri die, beste hainbat eta hainbat jairi bezalaxe, Artako sanpedroei.
Artako San Pedro jaiek zerbait baldin badute berezitik, auzotarren arteko elkarlana eta antolakuntza dira. Izan ere, auzokoak San Pedro baselizaren inguruan biltzen dira, eta auzoko jaiak kooperazioz antolatzen dituzte; Ziortza Bolibarko Udalak laguntza txiki bat ematen die, baina egitaraua jostea eta prestatu beharreko guztiak prestatzea auzotarren egitekoa izan ohi da.
Arta auzoko jai batzorde edo lantalde horretako partaide da, hain zuzen ere, Gaizka Guenaga Urkidi. “Aurtengo sanpedroak, bi urteko itxaronaldi luzearen ondoren, inoizkorik ederrenak eta dinamikoenak izatea espero dugu”, adierazi du. Ospakizun horien jomuga ere argi eta garbi dauka Guenagak: “Auzoaren, familien eta lagunen arteko batasuna irudikatzen dute sanpedroek, eta elkartasun hori beti da gogogarria guretzat”. Etxe bakoitzetik “pertsona bat edo bi” daude jaion antolaketan eta, horrenbestez, “auzolana behar-beharrezkoa da”.
Egun biko egitarau ederra atondu dute aurten Artako San Pedro jaietan: uztailaren 2an eta 3an ospatuko dituzte. Oro har, “herritar guztientzako jaiak” prestatu gura izan dituztela azaldu du Guenagak: “Bizilagun guztiei egokitutako jaiak antolatzen saiatu gara, adin tarte denetakoak asebetetzeko modukoak, auzokoek auzorako egindakoak”.
Domekako bertso saioan Lizaso, Egaña, Mendizabal eta Larrañaga ariko dira
Aurtengo egitarauko berritasunik azpimarragarriena, Guenagak adierazi duenaren arabera, auzoko bertso afaria kentzea da. “Urtero-urtero egin izan dugun zerbait da bertso afaria; aurten, ostera, bertso saioa egunez egitea erabaki dugu, modu horretan ospakizuna egun osora zabaltzeko, eta ez hainbeste gau girora”. Dena dela, ez dute baztertzen datozen urteetako egitarauan bertso afaria berreskuratzea.
Horrez gain, egunez egingo duten bertso saioan lau bertsolari izango dira oholtzan, hau da, beste aldi batzuetan baino bat gehiago.Uztailaren 2an “jaietako gosegarria” izango dute Artako bizilagunek: Artako X. briska txapelketa egingo dute, 17:00etan hasita. Lehiaketa hori San Pedro jaietako “elementu klasiko bat” dela argitu du Guenagak: “Briska txapelketa egiten den hamargarren aldia izateak erakusten du jendeak begi onez hartzen duela eta bikain funtzionatzen duela jaien egitarau barruan”.
Briska txapelketarako izen ematea egunean bertan egin ahal izango da, eta pertsonako hamar euro ordaindu beharko dira, parte hartzeko. Era berean, lehen sailkatuek hainbat sari jasoko dituzte. Irabazleek lekuko produktuz osatutako eta ehun eurotan estimatutako lote bat jasoko dute; bigarren sailkatuek laurogei eurotan estimatutako beste lote bat eskuratuko dute; hirugarren eta laugarren sailkatuei dagokienez, hirurogei eta berrogei euroko dirusaria irabaziko dute, hurrenez hurren. Txapelketa amaieran, hurreratzen diren guztientzako txokolate zein pintxo jana egingo dute.
Hainbat sari banatuko dizkiete briska txapelketako irabazleei
Domeka: egun handia. Zapatuko egitaraua egunez gozatzeko diseinatu dute, auzo afaria kenduz; ondorioz, domekan, San Pedro egunean, goizetik hasiko dira ekimenak Artan. Lehenengo eta behin, auzokoak ermitaren inguruan bilduko dira, meza orduko inguru guztia garbitzeko eta txukuntzeko. “Esango nuke inguruko ermitaren ederrenetakoa dela Artakoa, oso-oso dotorea da, eta egun horretan bereziki polita ipintzen dugu”, adierazi du Guenagak.
Behin prestakuntza lanak amaituta, jaietako egun potoloari hasiera emango diote, bolandera jaurtiz eta meza santua eginez, 11:00etan. Jarraian, kanpoaldean Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldeak urteroko dantza ikuskizuna emango du. Guenagak azaldu du ikuskizun horrek “jende dezente” ekartzen duela auzora ingurutik: “Zerutxu dantza elkartearen emankizuna beti izaten da oso ederra; umeetatik hasi eta nagusiagoetara arte, dantza saio benetan txukuna eskaintzen dute”.
Dantzaren ondoren, ez da atsedena hartzeko tarterik izango, bertsolarien txanda izango baita. Goi-mailako bertsolariek hartuko dute parte saioan: Lizasok, Egañak, Mendizabalek eta Larrañagak. Ohituraz, Bitorio Zelaia auzotarrak antolatu du saioa, baina aurten guztien artean egin dute, auzolan osoan. Bazkalorduan, ez da auzo bazkaririk egingo; horren ordez, Guenaka argitu du bakoitzak norbere etxera joko duela, San Pedro eguna “etxekoekin ospatzeko eguna ere badelako”. Gainera, azaldu du egun berezi horretan kanpoko senide ugari ere bertaratzen direla, eta, hortaz, “familia giroan” ematen dute eguerdi aldea.
Adin tarte guztietako bizilagunentzat bideratu dute aurtengo egitaraua
18:00etan, egitarauari berrekingo diote, umeen jolasekin. “Garrantzitsua da jaietan umeentzako tarte bat hartzea, auzoan haur ugari elkartzen baitira; txokor batzea, zapi jokoa edota puzgarriak izango dituzte”, adierazi du Guenagak. Hain zuzen ere, argitu du zenbait gurasok ere “jai giroagaz umetuta” amaitzen dutela, eta haurrekin jolasten ibiltzen direla. Hori gutxi ez, eta Jose Luis Lajak eta Lutxurdixok eguneko egitarau osoa beren trikiti soinuekin eztituko dute. Bien bitartean, Artako auzokoak prest daude San Pedro jaietako “elkartasun eta auzolan ariketa” egiteko. Gogoa eta ilusioa ez zaizkie falta, eta egitarau ederra ere alde dute.
EGITARAUA
Uztailak 2, zapatua
17:00. Artako X. Briska Txapelketa.
Uztailak 3, domeka
11:00. Meza santua Artako San Pedro baselizan.
12:00. Zerutxu dantza taldearen ikuskizuna.
13:00. Bertso saioa Lizaso, Egaña, Mendizabal eta Larrañagagaz.
18:00. Umeentzako jolasak.
Egun osoan zehar. Jose Luis Laja eta Lutxurdixo trikitilariak.