23. Zapato Azulak txiki laga du Ondarroa
Radixu Irratiak Alamedako pentsiodunak omendu ditu, egiten duten lan etengabea eta aurrera daramaten borroka aitortuz; Busturiko Wannaluakena izan da Euskal Herriko kamiseta onena eta Yaalah elkartearena Ondarroakoa.
Bizi-bizi bueltatu da gaur [ekainak 25, zapatua] Zapato Azule. Alai bueltatu da. Kantari. Dantzari. Bizitzeko gogoz. Jende zurrunbiloak hartu du Alde Zaharra eguerdian. Aurpegi ezagunek, urteetan ezagun egin direnek eta ezezagunek, gaztetxoek, gazteek, helduek eta nagusiek…. guztiek eman diote kolorea jaiari.
12:00etarako zegoen iragarrita jaiaren hasiera ofiziala, eta ordu horretan atera dira Alaiko balkoira, ohi legez,
Manuel Elu eta Nekane Akarregi. Bi urteko etenaldiaren ostean, pozik zeuden, eta Eluk gogotsu bota ditu ahozko bolanderak; jendeak txaloz erantzun dio. Musikak girotu ditu ondorengo orduak: herriko txistulariak, Ttek Elektrotxaranga, Kresalako banda… bata bestearen atzetik ailegatu dira Alde Zaharrera, jendea dantzan jarriz. Kuadrillek gogoz astindu dituzte gorputzak doinuei jarraituz.
Euria oztopo izan ez bada ere, eduki du eraginik. Dinamartxaren sarrera ordu erdi aurreratu da, Tolosatik Ondarroarako bidea bizikletaz egin dutenek hala eskatuta. Blai eginda ailegatu dira txirrindulari zein mendiz mendi etorri diren 210 gizon-emakumeak, baina, aurrekoetan modura, irribarrerik galdu gabe eta hunkituta. Hunkituta, egin dieten harrera ezin beroagoa izan delako beste behin ere.
Omenaldi eta sariak banatzeko ordua heldu da ondoren. Alamedako pentsiodunek jaso dute Radixu Irratia ren aitortza, astelehenero-astelehenero mobilizatzeagatik, egungo eta etorkizuneko pentsiodunen alde egiten duten lanagatik eta eten gabeko borrokagatik. Pili Larrañaga igo da Alaiko balkoira pentsiodunen izenean, eta bera izan da, hain zuzen ere, Euskal Herriko Kamiseta Azokako irabazleei saria eman diena.
Eli Iturraspe (Wannalua): “Izugarrizko poza hartu dut, harro harro daroat etxera boloa”.
Busturiko Wannaluak irabazi du Euskal Herriko kamiseta onenaren saria. “Izugarrizko poza hartu dut, harro harro daroat etxera boloa. Ibilaldiko kamisetak diseinatu nituen orain dela urte asko, eta saritu egin zituzten eta, orain, nire markagaz saria irabaztea itzela da. Laugarren aldiz etorri naiz Ondarroara, pozik etortzen naiz beti, eta oso oso pozik nago”, adierazi du Eli Iturraspek. Yaalah elkartearentzat izan da Ondarroako kamiseta onenaren saria. Amaia Etxaburuk jaso ditu izendapena eta boloa, eta hura ere poz-pozik zegoen: “Ezustean hartu dugu, ez genuen espero saria jasotzea. Lehen aldiz parte hartu dugu kamiseta azokan, eta oso pozik gaude”. Erakusleiho onenaren saria Zurru Murruk eroan du. Goretti Serrano igo da sariaren bila, pozik baino pozago.
Umeen jolasek, euskal erromeriak, Dj saioek eta kontzertuek osatu dute 23. Zapato Azul ahaztezina.
Erasoen aurkako telefonoa. Ondarroako emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluak eta Radixu Irratiak elkarlanean, Zapato Azulean egon daitezkeen eraso sexistak salatzeko 688 77 27 72 telefono zenbakia jarri dute eskuragarri. Gerta daitezkeen erasoak identifikatu eta behar den neurriko erantzuna ematea ahalbidetu nahi dute zerbitzuaren bidez. Baliabideak ezagutzen dituzten eta arituak diren emakumeek kudeatuko dituzte deiak 20:00etatik 08:00etara bitartean.