Lekittoko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak oraindik ez du etxerik aurkitu familiarentzat
Joan den martitzenean [ekainak 21] laguntza eskatu ostean, urrira arte luzatu diete etxebizitzan geratzeko aukera
Lekittoko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldekoek, eta atxikitu ziren Lekeitioko eskola publikoak eta hango guraso elkarteak, Azkue Ikastolak, Lekittoko Mugimendu Feministiak eta Lekittoko Senegaldarren elkarteak, egindako deia ez du erantzunik jaso. Astebete pasa da joan den martitzenean [ekainak 21] agerraldia egin zutenetik udaletxe aurrean, eta oraindik familia etxebizitza berririk gabe jarraitzen du.
Joan den barikurako [ekainak 24] jarrita zegoen kaleratzea ez zen gauzatu orain arteko jabeak urrira arte luzatu zuelako epea. Familiaren egoera, berriz, ez da aldatu, “denbora bakarrik irabazi dute”, adierazi dute Lekittoko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldetik. Etxe berririk aurkitu barik jarraitzen dute.
“Ez dugu inolako eskaintzarik edo proposamenik jaso, ez herritarren aldetik ezta udaletik ere”, esan dute. “Etsigarritzat” jo dute egoera ez dutelako “nahi eta espero” zuten erantzuna jaso. Taldekoek bildutako datuen arabera, 600 etxebizitza baino gehiago daude turistentzako alokairu moduan, baina gutxi batzuk urte osorako alokairuko eskaintzagaz, hori da, hain zuzen ere, familiak bilatzen duena.
Horregatik, mezu zuzena bidali nahi izan dute. “Alde batetik, etxebizitzen jabeei etxerik gabe geratzeko arriskuan dagoen familia bat dagoelako Lekeition. Beste alde batetik, turistei, herriko familia honen egoeraren berri izan behar dute. Azkenik, udalari eta herritarrei laguntza gehiago eskatzen diegu”.
Jakinarazi dutenez, datorren astean berriro elkartuko dira egoera berriaren aurrean erabakiak hartzeko helburuagaz.