San Pedro egun historikoa izan da Lekeitiokoa
Ane Marurik herrian lehen aldiz dantzatu du Kaxarranka. Bezpera egunean [ekainak 28] Miren Agur Meabe omendu zuten.
Lekeition ere egun handia izan da gaurkoa [ekainak 29], San Pedro Egunean usadio zaharrek hartu dituzte kaleak. Ohiturari eutsiz, Lekeitioko Udaleko alkate eta zinegotziek prozesioa egin dute gaur kofradiako lehendakari eta arduradunekin batera udaletxetik elizaraino, Lekeitioko Musika Bandak lagunduta. Aurten gainera Miren Agur Meabe herriko ohorezko herritar eta alaba kutun berria eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izan dira gonbidatu nagusiak.
Meza ostean, eliz eta erakundeetako arduradunek San Pedroren irudia porturaino eraman dute eta hango irudiaren aurrean Kilin Kalakoa edo uretara botatzeko keinua egin dute, ohi modura.
Egun bereziki berezia izan da, eta ez pandemia osteko normaltasuna itzuli delako. Ane Maruri izan da zalantzarik gabe eguneko protagonistarik nagusiena. Lehen aldiz dantzatu du emakume batek Kaxarranka dantza ikusgarri eta bakarra, Lekeition. Berritasun hori denen ahotan zegoen, baita dantzariarenean ere. Maruri “oso pozik eta aukerarengatik oso eskertuta” egon bada ere, “urduritasuna eta presioa” nabari zuela aitortu du dantzariak. Kutxa gainean, berriz, ez zaio igarri, naturaltasun osoz egin du dantza. Gainera, azken ia 20 urteetako dantzariak, Asier Uskolak, hurbil izan du uneoro.
Jendeak harrera bereziki beroa egin dio Maruriri, txalo eta irrintzi artean. Hiru aldiz egin du dantza, San Pedropean, Kofradia aurrean eta azkenik plazan. Lepo bete diraAzken irteera baino lehen, berriz, Etorkizuna dantza taldeak Eguzki Dantza eta Lekeitioko Emakumeen Aurreskua dantzatu dute, emakumeek belaunaldiz belaunaldi dantzatzen duten soka dantza da, Euskal Herrian mantentzen den bakarrenetarikoa. Emozio handiko eguna.
Bezpera eguna ere horrelakoa izan zen. Lehendabizi, buruhandiak eta erraldoiek hartu zituzten kaleak Itxaropena txistulari elkarteak lagunduta. Gero, bertso saioa egin antolatu zuten San Pedropean. Atzoko [ekainak 28] unerik hunkigarriena, berriz, Lekeitioko Udaleko ez ohiko osoko bilkuran eman zen. Miren Agur Meabe ohorezko herritar eta alaba kutun izendapen ekitaldia gauzatu zen udaletxeko areto nagusian.