Aldundiaren 'Basotik' fundazioaren ardatzak zalantzan jarri dituzte
Baso Biziak plataformak proiektuaren balorazio kritikoa egin du. Plataformaren baitan daude, hain zuzen ere, Mutrikuko Natur Taldea eta Berriatuko Hostozabal Taldea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Basotik fundazioa aurkeztu zuen ekainaren 9an, basoen kudeaketa jasangarriak jauzi kualitatibo bat emateko asmoz. Fundazio publiko horren helburua da baso masaren bolumen garrantzitsu bat biltzea, “Gipuzkoako basoen kudeaketa jasangarrirantz jauzi kualitatibo bat egin ahal izateko, eta horrela, lurraldearen garapen integrala eta kudeaketa ekologikoa bultzatzea, eta, azken batean, ingurumenaren eta baso ondarearen defentsa eta lehen sektorearen garapena bilatzea” Markel Olano diputatu nagusiaren esanetan.
Proiektuaren nondik norakoak aurkeztu zituzten, tartean, fundazioaren eraketa Aldundiaren % 100eko partaidetzarekin egina dela, estatutuak Diputatuen Kontseiluan onartu zirela, eta 2 milioi euroko foru inbertsioa ekarriko duela aurten.
Honen aurrean, Baso Biziak plataformak proiektuaren aurrean duen mesfidantza agerian utzi du idatzi baten bitartez. Baso Biziak plataformaren baitan dauden taldeen artean Mutrikuko Natur Taldea eta Berriatuko Hostozabal Taldea daude. Taldearen esanetan, estatutuak ez dira publikoak, eta hala ere, aurrekontuetan bi miloi zuzendu zaizkio fundazioari. Proiektuari buruz emandako informazioari dagokionez “zehaztugabetasun maila interesatua ikusten dugu baso hitzaren inguruan, izan ere, ustiaketa industrialari buruzko aipamenak agertzen dira horren eginkizuna definitzeko. Horrek argi adierazten du monolaborantza mozorrotuaren aldeko apustua dutela mahai gainean”. Gainera, Gipuzkoako basoek azaleraren %61,5 hartzen dutela adierazi dute aurkezpenean, eta plataformak datu hori “gezurra” dela adierazi du, “beraientzat landaketa monoespezifikoak ere basoak dira, eta errealitate gordina, zera da, Gipuzkoan %25 dela bakarrik basoa”.
Bestalde, “jabego pribatuaren lurrei begira egin nahi duten interbentzio hau zehatz mehatz kuantifikatzen dute, 40.000 hektarea, baina ez da gauza bera gertatzen kontserbaziorako edota baso babesleen figuraren inguruan, non ez den azalerarik aipatzen” gehitu dute plataformatik.
Hortaz, Basotik fundazioaren proiektuaren aurrean, balorazio kritiko bat egin dute Baso Biziak plataformakoek, eta hainbat puntu nabarmendu dituzte. Lehenengoa, “basoak etekin industrialaren bidean jarri nahi dituzte, monolaborantza mantenduz, enpresa berri bat sortu eta gerora diru publikoa pribatizatzeko“. Bigarrena, aipatutako azalera kudeatzeko monopolioa sortu beharko luketela, proiektuan sartu nahi ez dutenen gainontzeko herri-ereduak hondamendira bultzatuz. Gainera, lurren lagapena planteatzen du proiektuak, baina jabeek ez lukete ezer egin behar, lurrak Aldundiari utzi eta urte bukaeran konpentsazio ekonomiko bat kobratu. Horrek, aldi berean, lehen sektorearen eta baserritarren “abandonua” ekarriko luke.
Azkenik, Baso Biziak plataformatik eskaera luzatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, “kontuan har dezatela egoera tamalgarri honetara ekarri gaituen monolaborantza sistemaren ardurak eta kalteak, eta bide berriak jorratu ditzala uraren, lurraren, airearen eta horri lotuta dagoen herritarron osasunaren mesederako”