Andra Mari Jaietan eraso matxistei aurre egiteko protokoloaren lan saioa antolatu dute
Bilera aditu baten laguntzaz bideratuko da, eta uztailaren 6an izango da, 17:30ean, Etxelilan.
Lan saioaren helburua Zapato Azulean identifikatutako hutsuneak eta hobetzekoak elkarbanatu, eta Andra Mari jaiei begirako protokoloa adostea da. Horretarako aditu baten laguntza izango dute bileran.
Udaleko Berdintasun Sailetik eta Emakume Kontseilutik bultzatu dute ekimena, “jaiek gune askeak eta seguruak izan behar dute, eta bertan parte hartu nahi duen edonorentzat gozamenerako gune. Hala ere, badakigu jaien testuinguruan erreproduzitu egiten dela egunerokoan bizi dugun indarkeria matxistaren zenbait molde, eraso sexista eta sexualak bereziki”.
Hori erdigunean jarriz, aurten ere Emakume Kontseilutik, Radixu Irratiarekin koordinatua, Zapato Azulari begira, hainbat jarduera eta tresna jarri ditu martxan Ondarroako Udalak: eraso matxisten arreta zerbitzua abian jarri dute, eta horrekin batera, 2019ko jaietarako adostutako “eraso sexistei aurre egiteko protokoloa” oinarri hartuta, txosna gunearekin elkarlanean, protokoloa landu eta herriko taberna guztiekin elkarbanatu dute.
Emakume Kontseilutik eta Berdintasun Sailetik positiboki baloratu dute zabaldutako prozesua. Halere, “lanketarekin jarraitu beharra dagoela uste dugu. Horregatik, Andra Mari jaiei begira Ondarroako norbanako, elkarte eta eragileak animatu nahi ditugu, borroka honetan inplikatu daitezen”. Bide horretan, eraso matxistei aurre egiteko protokoloaren hobekuntzak adostu eta herrira sozializatzeko uztailaren 6an egingo den lan saiora gonbidatu dute herritar eta norbanako oro. “Bakoitzak dagokion ardura hartuta eta guztion konpromisoz lortuko dugulako indarkeria matxistarik gabeko Ondarru bat eraikitzea”.