Zine emanaldietarako egokituko dute Kofradia Zaharreko aretoa
Zeta Zineklubaren film emanaldiak burutzen dira bertan, eta Ondarroako Udalak proiektore berriaz gain besaluki mugikorrak ezarriko ditu, emanaldien egokitasuna hobetze aldera.
Zinemazaletasuna bultzatzeko herriko bost herritarrek sortu zuten Zeta Zineklubak bukatutzat eman ditu ikasturte honetako domeketako jardunaldiak, eta udazkenean berriz ere egutegiari ekitea izango da taldearen helburua.
Hilean bi film proiektatzen zituzten, bata haurrei zuzendua, eta bestea ikusle helduei zuzendua. Elkartetik adierazi dutenez “oso pozik daude herriak izandako jarrera eta harreragaz, gutxinaka herrian domeketan zinera joateko joera zaharra errekuperatzen ari dela sumatzen dugu”. Hain zuzen ere, haurren filmetan 5o ikusletik gora biltzen ziren, nagusien emanaldietan, berriz, gutxiago izaten ziren arren, 40 ikusle inguru hurbiltzen ziren. “Gaur egun plataformek duten indar geldiezina ikusita, zinema aretoetan ibiltzen den jende kopurua asko murriztu da, eta areto handieitan ere antzeko kopuruak mugitzen dituzte, hortaz, pozik gaude izandako emaitzagaz”.
Ondarroako herrian zinema ikustaldiak bultzatzea du helburu Zineklubak, eta lortzen ari dira beraien helburua. Hortaz, orain zineklubaren erronka emanaldietarako hobekuntzak ezarri, eta filmen proiekzioak jarraitzea izango da.
Ondarroan ez dago ikus entzunezkoetara egokitutako gune espezifikorik, hortaz, Kofradia Zaharrean egin dituzte orain arteko emanaldiak. Hala ere, Ondarroako Udalari gune hori egokitzeko eskaera luzatu zioten, eta udalaren asmoa epe luzera ikus entzunezkoetara ongi egokitutako gune bat sortzea izanik, epe ertainera erantzuna ematea lortu dute. “Herrian hiru zinema areto izatera iritsi zen Ondarroa, baina une honetan ez dago batik. Zeta zineklubaren ekimenen erantzun ikusirik eta azpiegitura baten beharra dagoela jakinda, Zetakoen ideiarekin bat egin eta aretoa egokitzea erabaki dugu” aipatu zuen Eneritz Basurko alkateordeak.
Zeta zineklubaren proposamenez udalak proiektorea berritu du, eta horrek zine emanaldiak kalitate handiagoan eskaintzeok aukera emango du. Horrez gain, zinema aretoetako 80 besaulki ipiniko dituzte, ilaretan kokatuta egongo dira, baina ez dira finkoak izango. Aretoa beste ekitaldi batzuk burutzeko erabili ohi da, eta espazioa behar bezala antolatzeko aukera izateko asmoz hartu da erabakia.