Hodei Izarra eta Gorka Rodriguez: "Kaleka eta Lekittoko Deabruak elkar elikatzen dira"
Bihar [uztailak 8] hasiko da Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdia egitarau oparoagaz. Aurten gainera Lekittoko Deabruek 10. urteurrena ospatuko dute jaio ziren toki berean.
Zer da ‘Hamar urtez, hamaika sugar’?
Ia urtebete daramagu aurtengo hamargarren urteurreneko Hamar urtez, hamaika sugar ikuskizuna prestatzen, dena hasi zen tokira itzuliko gara. Aurtengoa gure ibilbideko bost ikuskizunen laburpen bat da, bakoitzeko zerbait sartu dugu: Mingorri, Akelarre, Anabasa, DKDance edota Deabruak gara. Gainera, gure lagun handienetako batzuk gonbidatu ditugu gure egun handira, Diables de Riudoms, hain zuzen ere. Talde kataluniarrak aurten 30 urte betetzen ditu eta urteurren bateratua egingo dugu. Bi aste barru Lekittoko Deabruak izango dira haien ikuskizunera gonbidatuak izango direnak. Horrez gain, Zozongo batukadaren laguntza jasoko dugu, hau da, gaur egun Euskal Herrian dagoen talderik indartsuenetako bat.
Zer aurkituko dute ikusleek zapatuan [uztailak 9] 23:30ean, plazan?
Gure sustraiak erakutsiko ditugu, Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdian sortu ginelako. Hiru urteren ostean, pandemia bat tartean eta guzti, inoiz baino punch gehiagogaz gatoz. Azkenean gure hamargarren urteurrena merezi duen moduan ospatu nahi dugu. Su piroteknia asko egongo da, eta beste horrenbeste zarata eta argi, eta noski, horrek dakarren adrenalina. Gainera, ikuskizun parte hartzailea izango da, nahi duenak, beldurrak kentzen dituenak, gurekin parte hartu ahalko du. Hori bai, Kalekako antolatzaileek azpimarratu duten bezala, oso garrantzitsua izango da segurtasuna. Horregatik, gure gomendioa da parte hartu nahi duenak arropa bakeroak edo mahoizkoak eramatea eta txapela.
Zer esan nahi du Kalekak Lekittoko Deabruentzako?
Kaleka eta Lekittoko Deabruak elkar elikatzen dira. Aurten hamar urte betetzen ditugu eta horietako erdian baino gehiago Kalekako parte izan gara. Gure ibilbideko zutabe nagusietako bat da zalantzarik gabe. Ez dugu inoiz arazorik izan, beti izan gara ongi etorriak eta gure proposamen denak onartu dituzte. Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiak ibilbide luzea izatea nahi dugu eta gure harremana urte askotarako oparoa izatea.
Gainera, talde lekeitiar bakarra izango zarete.
Bai eta oso harro gaude. Badago herrian kaleko ikuskizunak sortzen dituzten elkarteen beharra. Gainera, guretzako berezia izango da ez garelako bakarrik gaur egungo kideak aterako, azken hamar urteetan taldearen parte izan diren lagunek parte hartuko dute gurekin. Oso pozgarria da berriro gure gonbidapena onartu izana. Ordubete baino gehiago iraungo duen ikuskizuna izango da. Lekeitio plaza oso berezia da, jaiotzen ikusi gaituena, eta gehien gozatzen duguna, batez ere herritarren parte hartzearengatik.
Zenbat denborako lana dago atzean?
Irailean hasi ginen lehenengo lanketa bategaz, hau da, duela hamar hilabete. Lan ikaragarria dago atzetik. Lehendabizi, udalari eta Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiari lehen zirriborro bat aurkeztu genien, eta behin baieztatuta, buru belarri jarri ginen lanean. Lanketa horren gainean hasi ginen ikuskizuna eraikitzen. Lan taldeak sortu genituen ikuskizunerako atal desberdinetarako eta antolaketa bikaina izan da, emaitza oso ona izan da, oso eskertuta gaude lagundu gaituen denei. Goiz eta arratsalde aritu gara lanean bihar lekeitiarrek eta hurbiltzen diren denek merezitako ikuskizun bat ikus dezaten.
Urduri zaudete?
Tentsio puntu horregaz. Baina lan egindako hamar urteek lasaitasun eta konfiantza handia ematen dizute, atzetik sartu ditugun orduak asko izan direlako. Gainera, ez da lehen aldia Kalekan parte hartzen duguna, ezta gutxiago ere. Proiektu asko aurkeztu ditugu Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdian eta harrera bikaina izan da beti. Horrek zure buruarengan duzun sinismena asko handiagotzen du. Horregatik ere gure mugak edo erronkak gero eta urrunago jartzen ditugu, hori ona da beti.
Lekittoko Deabruentzako ere normaltasunera itzultzeko uda izango da aurtengoa?
Hori da gure esperantza eta nahia. Oso pozgarria izan da hainbeste denbora geldirik egon eta gero jakitea udal eta jai batzorde askok galdetu dutela giaitik. Nahiz eta azken bi urteetan kaleko ikuskizun askorik ez egon, dei asko jaso ditugu herri desberdinetara joateko. Pandemiak, alde batetik, indarrak eman dizkigu berriro ere martxa hartzeko, motibazio eta ilusio berriak aurkitzeko. Uztailean ez gara geldituko, ezezko erantzunak eman behar izan ditugu eta guzti. Hau da, bizi bizirik gaude.