Kirolak, aisialdiak eta jakintzak bat egiten dute Lekeitio-Mendexa arteko Errege Bidean
Denboraren Bankuak antolatuta ibilaldi gidatua egin zen atzo [uztailak 6] Errege Bidean zehar. Ibilbideko gune interesgarriak ezagutzeko aukera eduki zuten partaideek.
Errege Bidearen nondik norakoak ezagutzeko aukera eduki zuten atzo [uztailak 6] Denboraren Bankuak antolatutako ibilaldi gidatuan parte hartu zuten 60 lagunek. Hasierako tartean, Guillermo Ruiz de Erentxunen azalpenekin lagunduta osatu zuten bidea. Lekeitio eta Mendexa arteko zubi zaharra non kokatzen zen eta zelakoa zen, Isuntza etxea non zegoen eta 36ko gerran izan zuen garrantzia, errege bidea zer zen eta nondik joaten zen, eta Itsaso etxea nork eta zelako estiloan eginda dagoen ikasteko aukera eduki zuten ibiltariek.
Denboraren Bankuko Julian Arratek hartu zuen hitza gero, eta haren argibideekin jarraitu zuen ibilaldiak. Hala, geldiuneak egin zituzten ibilbideko hainbat puntutan, Lea dorretxearen aurrean, ospital zaharraren aurrean, Likona auzoan, Zubieta jauregiaren aurrean eta Sosoaga dolarean besteak beste.
Herri askotakoak. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, parte-hartzaileak “oso pozik” amaitu zuten lau bat orduko ibilaldia. Partaideen gehiengoa lekeitiarrak izan baziren ere Durango, Bilbo, Gernika-Lumo, Igorre, Ermua eta Berriatuko jendea ere batu zen ekitaldira.
Ekitaldiagaz amaitzeko, antolatzaileek Denboraren Bankuan parte hartzera animatu zituzten biziki ibiltariak, “horrela taldea sendotu eta trukaketak gehitzeko”. Esan dutenez, hau izan da irailera arte, taldean egingo duten azken ekintza. “Irailean erabakiko dugu hurrengoa noiz egin”.
[📸 ARGAZKIAK: Lekittoko Denboraren Bankua]