Gymkana Extreme, ukitu abenturazaledun ekimena
Uztailaren 18an, Umeen Egunean burutuko da ekimen berritzailea, Leaktibaiko taldekideen eskutik. Hainbat jolas egin beharko dituzte, tartean, sokak eta arnesak erabiliz.
Karmen jaien azken egunean, uztailaren 18an, ospatuko da aurten Umeen Eguna Markina-Xemeinen. Herriko txikienei zuzendutako egitarau zabalagaz dator aurten ere jaieguna eta, tartean, berrikuntza bategaz, Gymkana Extreme ekimenagaz. 10:30etik 13:00etara bitartean burutuko da, Zelaian.
Leaktibai osatzen duten profesionalak abentura eta kirola sustatzea dute helburu, eta egunerokotasunean kirol jarduerak aurrera eramateaz arduratzen dira. Aurten, beraien betebehar bilakatu da gazteei zuzendutako ekintza berritzaile hau ekartzea Markina-Xemeingo jaietara.
Leaktibaik zazpi urte daramatza ginkanak egiten. Adin tarte guztientzat egin ohi dituzte, taldearen eta inguruaren ezaugarriak kontuan edukita. Oraingoan, gazteei bideratutako ginkana antolatu dute. «Ukitu abenturazalea izango du» aipatu du Julen Hernando Leaktibaiko sustatzeaileak. 12 eta16 urte bitarteko gazteei zuzenduta egongo da, eta zelaian burutuko da.
Talde kohesioa lantzen. Gymakana Extremaren ezaugarri bereizgarriena da, talde lana, talde kohesioa eta imajinazioa lantzea. Hamar-hamabi kidek osatutako taldeek burutuko dituzte ekintzak, hortaz, taldearen antolakuntza eta elkarrekintza garrantzitsuak izango dira. Erronken aurrean erantzuteko gaitasuna, aurrean dugunagaz lan egitekoa eta elkar entzutekoa. Laburbilduz, talde lana balioan jartzeko erreminta aproposa izango da ginkana.
Hamarreko taldeek jolas ezberdinak burutu beharko dituzte, eta tartean, sokak eta arnesak erabili beharko dituzte. Hainbat modalitate bilduko ditu kirol jarduerak,eta hori izango da gazteak aurre egini beharko dioten erronka.
Parte hartzeko, ekimena hasi baino lehenago eman beharko da izena. Hortaz, parte hartu nahi dutenei denboraz joatea gomendatu diete, Gymkana Extreme orduan hasi dadin.