Kale arteagaz gozatzen ari dira Lekeition
Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki jaialdiaren bigarren eguna izango da gaurkoa [uztailak 9], eta era askotako proposamenez bete dator egitaraua.
El mono habitadoren Benditas antzezlana Abaroa parkean. Argazkia: Kaleka Azken bi urteetako pandemiaren ondorioz izandako gora beherak alde batera utzita, indartsu hasi da 32. Kaleka. Lau ikuskizunekin eman zioten hasiera atzo [uztailak 8] jaialdiari, eta kale arteaz gozatzeko gogotsu zeuden ikusleek bete zituzten Lekeitioko agertoki ezberdinak. Markeliñek, Ido Loca konpainiak, Troulak eta Javier Arizak eskainitako ikuskizunekin gozatu zuten ikusleek.
Abaroa parkean hasi da gaur [uztailak 9] jaialdia. Umorez bete dute parkeko berdegunea El mono habitado taldekoek. Agerraldi mariano bat izaten duten bi artzainen kontakizuna plazaratu dute.
Arratsalde osoan egongo dira ekintza ezberdinak, eta Lekittoko Deabruaken sugarrekin amaituko da gaurko egitaraua. 18:00etan, Kataluniako Ambae Companyren We all live in a box 20 minutu inguruko ikuskizuna egongo da Talako heliportuan; 18:30ean, Murtziako Nacho Vilar produccionesek Glubs ikuskizuna eskainiko du Kofradia aurrean; 20:00etan hasiko da The Legend Andaluziako El gran dimitri taldearen lana plazan, eta ondorengo emanaldiak ere bertan izango dira. 21:00etan hasiko da Kataluniako La Suricata Circusen 25 minutu inguruko ikuskizuna; 22:00etarako dago iragarrita El gran final Kataluniako Bucraa Circusen lana, eta azkenik, 23:30ean, 10 urtez hamaika sugar Lekittoko Deabruak taldearen ikuskizunagaz gozatzeko aukera edukiko dute ikusleek. Mingorri, Akelarre, Anabasa, DKDance, Deabruak gara… Lekittoko Deabruen ikuskizun guztiak bateratuta eskainiko dituzte. Gainera, Herrialde Katalanetako Diables de Riudoms taldeagaz lagunduta egongo dira Lekeitioko taldeko kideak.