Ondarroako Triatloi Herrikoia giro paregabean burutu da
Koaxi Triatloi Taldeak antolatuta, goizean burutu zen Arrigorri hondartzan haurren duatloia eta arratsaldean, triatloi herrikoiari bide eman zioten.
Iturria: Koaxi Triatloi Taldea Eguraldia lagun izan zuten zapatuan Ondarroara hurbildu zirenek. Herrian errotuta zegoen hitzordua berreskuratu eta kirol jarduerak egiteko aukera eskaini zuten Koaxi Triatloi Taldekoek, hain zuzen ere, umeen akuatloia eta nagusien triatloi herrikoia.
10:30ean eman zioten hasiera umeen akuatloiari Arrigorri hondartzan. Lekeitio, Gasteiz, Durango eta Sestaotik etorritako gazteek probagaz gozatzeko aukera izan zuten eta 26 izan ziren parte hartzaileak. Arratsaldean, berriz, nagusien txanda izan zen. Hasiera batean 16:00etan jarri zuten triatloi herrikoia burutzeko hitzordua, baina arazoak medio 18:30era aldatu zen hasiera ordua, eta eguraldia ikusirik, eskertu ere egin zuten aldaketa parte hartzaileek.
55 lagunek izena eman zuten, eta giro paregabean burutu zen froga. Lagun kuadrillak, binakako taldeak eta bakarrik joan zirenek babes osoagaz osatu zuten proba. Helmugan txalo zaparrada artean hartu zituzten herritarrek, antolatzaileek eta baita proba jada bukatu zutenek ere. Antolatzaileen esanetan kirol jarduera biak oso ondo joan ziren, eta giroa aparta izan zen.