Gababus zerbitzua izango da Karmen Jaietan
Markina-Xemeingo Karmen Jaietan zerbitzua emango du Lea-Artibaiko Gababusak. Markina-Xemeindik itzultzeko aukera izango dute eskualdeko herritarrek; gainera, zenbait udalerritan karmenetara joateko zerbitzua ere emango dute.
Markina-Xemein Karmen Jaiei begira dago, eta baita Lea-Artibaiko herrietako jendea ere. Aurten, Gababusak berriro emango du karmenetako zerbitzua. Koronabirusaren pandemia egoerak ekarritako urte biko etenaldiaren ondoren, eskualdeko bizilagunek begi onez hartu dute gaueko autobus zerbitzu berezi hori, eta Ondarroako Zapato Azulean, Berriatuko sangregorietan edota Amorotoko Jaietan jende askok erosi zuen bere tiketa.
Lekeitioko, Ondarroako, Ispasterko eta Berriatuko Udalek itzulera zerbitzua izango dute. Itzulera ordua bikoitza izango da: 03:00etan eta 05:00etan aterako da Lea-Artibaiko Gababusa Markina-Xemeindik; zerbitzu berbera izango dute Mendexak eta Berriatuak ere. Beste zenbait udalerrik, ostera, Markina-Xemeinera joaneko zerbitzua ere izango dute. Aulestitik 21:45ean aterako da Gababusa eta Munitibartik, aldiz, 21:50ean. Udalerri horietarako itzulera orduak ere 03:00ak eta 05:00ak izango dira.
Bihar da karmenetarako Gababus zerbitzua erabili ahal izateko txartela erosteko azkenengo eguna; tiket zerbitzua 13:00ak arte izango dute erabilgarri herritarrek. Txartelaren prezioa hiru eurokoa izango da, eta gaueko autobus zerbitzua erabiltzen duten guztiek zenbait arau bete beharko dituzte, barruan daudenean: batetik, bidaiariek itzulera ordutegi bakoitzari dagokion tiketa gainean eroan beharko dute; bestetik, autobusaren barruan galarazita egongo da jatea nahiz edatea eta, ondorioz, ezin izango da kanpotik janaria zein edaria sartu.
Heldu etxera lagunartean eta seguru! lelopean, pandemia orduko bi urteetan, Lea-Artibaiko Gababusak 4.600 eta 4.700 laguni eman zien zerbitzua, hurrenez hurren; 2013an, egitasmoa abian ipini zen urtean, dagoeneko 1.500 izan ziren gaueko bus zerbitzua baliatu zutenak. Proiektua eskualdeko udalek, Lea Ibarra Mankomunazgoak eta Lea-Artibai Amankomunazgoak antolatuta dago, Bizkaiko Foru Aldundiaren elkarlanagaz.