Final estua, gogorra eta jendetsua, ate joka
Aritz Erkiagak eta Jon Zabalak Jean Dominique Olharanen eta Nicolas Etxetoren kontra jokatuko dute, zapatuan, Markina-Xemein Jai Alai Grand Slameko finala. Gazte mailako finalean, Aaron Lopez de Matauko eta Ion Ibarluzea Eñaut Urreistiren eta Alex Manzisidorren aurka neurtuko dira.
Zapatuan Markina-Xemein Jai Alai Grand Slam zesta-punta txapelketako finala jokatuko dute. Etxeko puntistak finalera iritsi dira, kostata bada ere. Izan ere, Aritz Erkiaga aurrelari ispastertarrak eta Jon Bullet Zabala atzelari markina-xemeindarrak ozta-ozta lortu zuten joan den asteburuan final handirako txartela, Xabi Barandika aurrelari gernika-lumotarraren eta Julen Del Rio atzelari gasteiztarraren kontra. Finalean, Jean Dominique Olharan pautarra eta Nicolas Etxeto bidartarra izango dituzte aurrez aurre.
Markina-Xemein Jai Alai Grand Slamek marka guztiak apurtu ditu. Uni pilotalekua, jardunaldiz jardunaldi, jendez lepo agertu da. Frontoira bertaratutako ikusleek puntista guztiei berotasuna eman diete, baina, batez ere, pilotari modura bertan hezitakoei: Eñaut Salegiri, Jon Zabalari edota Aritz Erkiagari. Era berean, badira lehiaketa osoan zehar maila oso handian agertutako puntistak ere: Iñaki Osa Goikoetxea beterano zumaiarra, Markina-Xemeingo txapelketan Euskal Herrian estreinakoz jokatu duen Salegi edota Jokin Arbe.
Finalari dagokionez, ez da hautagai argirik egongo, bi bikoteek goi-mailan daudela frogatu baitute. Dena dela, Olharan eta Etxeto koska bat gorago daude, batez ere, azken jardunaldietan erakutsi duten maila handia tarteko. Erkiagak eta Zabalak, finalaurreko norgehiagokan, maila ona erakutsi zuten, baina doi-doi igaro ziren finalera, berdinketa haustean poltsikoratu baitzuten finalerako txartela, azken unean huts egin zuten Barandikaren eta Del Rioren aurka.
Gazte mailako finala. Erkiagak eta Zabalak Olharan eta Etxetoren kontra jokatuko dutena ez da zapatuko final bakarra izango. Gazte mailakoek, hain zuzen ere, kategoria horretako finala lehiatuko dute. Unik begi onez hartu duen Aaron Lopez de Matauko arabarra eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarra Eñaut Urreisti eta Mikel Manzisidor mutrikuarren aurka neurtuko dira. Mutrikuko bi puntistek etxeko pilotariak, Alex Goitia eta Danel Mandiola, finalerako txartel barik utzi zituzten finalerdietan. Kategoria horretan ere goi-mailako lehia eta ikuskizun ederra aurreikusten dute antolatzaileek.
Bestalde, txapelketak izan duen jarraipen jendetsua dela eta, antolatzaileek pantaila erraldoia ipiniko dute Uni kanpoaldean kokaturiko frontoi txikian, sarrerarik eskuratu ez duten zaleen finalak jarrai ditzaten. Gazte mailakoek 20:00etan ekingo diote jokoari eta nagusiek, ostera, 22:00etan.