Garraio iraunkorraren erronkak eta aukerak protagonista, Leartikerren DYNAeLAST ekitaldian
Formulazio berriak garatzeko prestakuntza eta profesionalen hitzaldiak eskaini ditu aurtengo jardunaldiak. Bigarren ekitaldia erabat presentziala izatea nahi du Markina-Xemeingo zentro teknologikoak.
Leartiker zentro teknologikoak ekainean antolatu zuen DYNAeLAST Nazioarteko Ekitaldiaren balorazio positiboa egin du, eta jadanik badauka bigarren ekitaldirako data zehaztuta.
DYNAeLASTek elastomeroen arloko prestakuntza espezializatua eta adituen hitzaldiak uztartzen ditu. Izan ere, Leartiker, Basque Research and Technology Alliance-ko kidea, teknologia-transferentziaren indize altuagatik nabarmendu da beti, eta horri esker, azken ekitaldian (2021) 2 milioi eurotik gorako eragina lortu du ezagutza eta garatutako teknologia transferitzen dien enpresen fakturazioan.
Bere bi jarduera-eremuetan, Polimeroen Teknologia eta Elikagaien Teknologia, espezializazioa indartzeko apustu sendoa egin du zentroak, eta, lankidetza proiektuen bidez, berezitasun eta erreferentzia teknologiko handiagoa lortzen ari direla jakinarazi dute.
Eta, bi helburu horiek uztartuta, transferentzia eta berezitasun teknologikoa, DYNAeLast nazioarteko ekitaldia antolatu zuten, garraioaren industrian elastomeroen propietate dinamikoen eta aplikazioen inguruko azken aurrerapenak ezagutzeko eta esparru honetan egunean egoteko espazio bat sortu asmoz.
Hiru egun. DYNAeLASTen lehen ekitaldiak garraio jasangarriaren erronkak eta aukerak izan zituen ardatz, eta horretarako, Leartikerrek prestakuntza espezializatuko bi egun antolatu zituen METRAVIB enpresagaz batera. “Ezagutza teoriko handia eta formulazio berriak garatzeko eguneroko arazoetara hurbilketa praktikoa uztartzea, izan zen prestakuntza honetan parte hartu zuten enpresek nabarmendu zuten aspektua”, zehaztu dute.
Hirugarren eguneko jarduna, berriz, elastomeroen eta mugikortasun jasangarriaren arloko profesionalen hitzaldiek osatu zuten. Will Mars Endurica enpresaren sortzaileak, Brice Taillet METRAVIBeko Europako salmenta zuzendariak, Elias AriƱo Avienteko ADTS ingeniariak, Joseba Murua CAFeko I+G Saileko Dinamika eta Errodamendu taldeko buruak eta Aizeti Burgoa Leartikerreko ingeniaria eta Ph.D elastomeroetan adituak euren ezagutzak partekatu zituzten, eta 200 lagun konektatu ziren hitzaldietara streaming bidez.
Bigarren ekitaldiari begira, erabat presentziala izateko ahalegina egingo du Markina-Xemeingo zentro teknologikoak. Jose Javier Egurrola Leartikerreko Polimeroen arloko zuzendari teknologikoaren hitzetan, Leartikerren nahia, “ekitaldi guztiz presentzial bat antolatzea” da, “sektore honetan lan egiten duten mundu osoko kideen artean harreman eta lankidetza sare bat sortzeko aukerak eskaintzeko”.