Bruno Felipe eta Elena Beristain garaile, Etxebarriko krosean
Herritarren artean Aitor Arkotxa izan zen lehena helmugaratzen, 22 minuto eta 18 segundoko denbora osatuaz.
Zapatuan [uztailak 16] lehiatu zen Etxebarriko II. Herri Krosa, Txik-Txak kirol elkarteak antolatuta. Beroa bidelagun izan zuten parte hartzaileek, eta antolatzaileen esanetan “parte hartzaile asko ez ziren etorri beroa zela eta”. Hala ere, bigarren edizioa osatu duen herri krosa “ondo baino hobeto joan zela aitortu dute”.
Bruno Felipe zumarragarrak 21 minutu eta 11 segundoko denbora osatuaz lortu zuen kroseko garaile izendatzea, beragaz batera, Jon Aldaolea markina-xemeindarra (21:31) eta Ander Rodilana ondarrutarrak (22:08) osatu zuten podiuma.
Emakumezkoen kategorian, berriz, Elena Beristain zarauztarra nagusitu zen 27 minutu eta 38 segundoko denboran ibilbidea osatuta. Bestalde, herrikoen sailkapena ere egon zen, ohi bezala, eta Aitor Arkotxak 22 minutu eta 18 segundoko denboragaz lortu zuen herritarren artean gailentzea.
Antolatzaileak gustura agertu dira zapatuan izandako egunagatik, parte hartze aldetik beroak eragin zuen arren, ingurukoez gain, Euskal Herriko txokoetatik hurbildu zen jendea, eta hori “beti da pozgarria”. Gainera, hamaiketako apartaz gozatzeko aukera izan zuten, eta herriko produktuez betetako otzarak zozkatu zituzten.