Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak ura arrazionaltasunez erabiltzeko eskatu die Lea-Artibaiko biztanleei
Eskualdea hornitzen duten ibilguen maila baxua dela esan dute. Horrelako egoeretan jarraitu beharreko ohiko gomendioak eman dituzte.
Bizkaiko lurralde historikoaren zatirik handiena hornitzen duen Zadorra sistemako urtegiak normaltasun-maila izan arren (% 70etik gorako edukieragaz), ekainean izandako tenperatura altuen eta euri faltaren ondorioz, udan defizitarioak izan ohi diren arroetako batzuk egiturazko eskasia egoeran gelditu direla jakitera eman du Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak, hala nola Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeak hornitzen dituztenak.”Eremu horiek baliabide propioei esker hornitzen dira, eta betidanik egon dira ibaien arro txikien mende, horregatik, sistema horiek erraz aldatzen dira luzaroan euririk egiten ez duenean”.
Hori dela eta, ura eremu pribatuan arrazionaltasunez erabiltzeko eskatu diete herritarrei. Horretarako, dutxa laburrak hartzea, xaboia ematerakoan edo hortz-haginak garbitzerakoan txorrota ixtea, etxetresna elektrikoak beteta daudenean erailtzea eta hodien ihesak konpontzea gomendatu dute besteak beste.
Jakinarazi dutenez, Ur Partzuergoa hainbat jarduketa ildotan ari da lanean ibaietako urarekiko mendekotasuna zuzentzeko asmoz: “Jarduketa horiek guztiak elkarren osagarriak dira, eta eskaintzaren kudeaketa (zundaketen bidez hargune berriak lokalizatzea, zona defizitarioen hornidura osatzeko) eta eskaeraren kudeaketa (hodi berriak jartzea, sareetako ihesak konpontzea eta iruzurrezko harguneak antzeman eta deuseztatzea) dituzte ardatz”.