Thomas William Smithek irabazi du Bizkaiko Itzuliko bigarren etapa gogorra
Thomas William Smithek irabazi du Bizkaiko Itzuliko bigarren etapa, Markina-Xemeinen. 70 kilometroko ihesaldia helmugaraino eroan du Smithek, Luis Garciagaz batera, eta esprintean menperatu zuen bere iheskidea.
Zappi talde britainiarreko Thomas William Smithek gazte mailako Bizkaiko Itzuliko bigarren etapan garaipena lortu zuen, barikuan, Markina-Xemeinen. Bizkaiko Itzuliko bigarren jardunaldia Markina-Xemein karmenetan bete-betean sartuta zegoela lehiatu zuten Lea-Artibaiko errepideetan, eta Smithek egundoko maila erakutsi zuen.
Lasterketa erritmo handian abiatu zen, eta eguneko lehen mendatetik, Milloitik, Iker Perez pasatu zen lasterketa buruan; probaren bigarren zatian sortu zen, baina, eguneko ihesaldia. Smithek Luis Garcia izan zuen bidelagun ihesaldian. Bi iheslariak lasterketa buruan pasatu ziren Gontzugarai tontorretik, eta helmugara iristea lortu zuen, 70 kilometroko bidea egin ostean.
Markina-Xemeingo kaleetan, esprintean erabaki zen bigarren etapako garailea, eta, azken esfortzu horretan, Smith nagusi izan zen. Hamasei segundoko aldea atera zio lasterketa buruak tropelari. Etapan lider irtendako Markel Belokik 54 segundoko atzerapena izan zuen helmugan, eta, horrenbestez, lidertza galdu zuen. Jende ugari izan zen lasterketa ikusten, batez ere, ibilbideko mendateetan; jai giroa igarri zen, ziklistek bero handiagatik dezente sufritu behar izan zuten arren.