Energia berriztagarrien kooperatiba, ernetzeko bidean
Lea Ibarreko Energia Barriztagarrien Komunitatea sortzeko bidean ari dira Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoko udalak, herritarrak eta eragileak. Komunitatearen estatutuak atontzen ari dira, eta uda ostean mankomunazgoa osatzen duten bost udalerrietan aurkezpenak egitea aurreikusten dute.
Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoa osatzen duten kide eta eragileak Lea Ibarreko Energia Barriztagarrien Komunitatea sortzeko bidean ari dira. Energia berriztagarriak, jasangarritasuna, lekuan lekuko neurriak eta herritarren esku hartzea barnebiltzen dituen sarea sortzeko prozesuan bete-betean sartuta daude, eta, hain zuzen ere, udazkenerako, komunitate hori kooperatiba legez erregistratua egotea espero dute. Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibarko Udalak daude sartuta mankomunazgoan, eta udal horiek izan dira apustu horren hazia erein dutenak, mankomunitateagaz beragaz batera; horiez gain, Goiener energia berriztagarrien kooperatibak dinamizazio teknikoaren alorrean parte hartu du. Udazkenean urtebete igaroko da Energia Barriztagarrien Komunitatea sortzeko ideia abian ipini zenez geroztik, eta egitasmo hori iazko azaroan nahiz abenduan aurkeztu zuten bost herrietan.
Udazkenerako, komunitatea kooperatiba legez erregistratua egotea espero dute
Aurkezpen ekitaldi horiek fruitua eman zuten; izan ere, herritarrek ekimena bere egin zuten eta hainbat izan ziren proiektuaren inguruko interesa erakutsi zutenak. Horietako batzuk, gainera, prest azaldu ziren EBKren sorrera bide horretan aktiboki laguntzeko, eta Talde Sustatzailearen parte izatera pasatu ziren; beste horrenbestek, aldiz, etorkizunean bazkide izateko interesa agertu zuten.
Gaur-gaurkoz, Talde Sustatzailea eskualdeko 30 familia edota bizi unitatek osatuta dago, eta hilabetez hilabeteko funtzionamendu sistema jarraitzen dute. Hilean behin elkartzen dira, eta hiru ardatz dituen lantaldea eratu dute. Batetik, egitasmoaren talde teknikoa dago; bost udalerriek dituzten aukerak aztertzen ditu, kideen argindar fakturetan oinarrituta. Eguzki plaketan oinarrituriko jarduerak garatzeko helburua daukate, besteak beste. Bestetik, alderdi juridiko edo legezkoaz arduratzen den taldea ere badago; Lea Ibarreko EBK irabazi asmorik gabeko Kooperatiba Elkarte modura aurkezteko estatutuen prestaketaz ari da arduratzen multzo hori. Horiez gain, komunitatearen izena, komunikazioa eta hartu-emanak jorratzen dituen taldea ere badago; hain zuzen, Leargi hautatu dute izen ofizial modura.
Ekimen kooperatiboak Leargi izena edukiko du
“Guztiona eta guztiontzat”. Leargi EBKtik adierazi dutenez, “energia guztiona eta guztiontzat izan beharko litzatekeela uste dugu, eta beharrezkoa dugu energia hori iturri berriztagarrietatik eta hurreko ekoizpen bideetatik lortzea”. Komunitatearen apustua ingurumenarekiko eta tokian tokiko herritarrenganako “errespetu osoz” jardutea da. Taldeak aurrerantzean eduki ditzakeen jomugak ere zehaztu dituzte: lekuko energia berriztagarrietan oinarrituriko sorkuntza proiektu txikiak sustatzea, autokontsumo partekatu bidezko proiektu fotovoltaikoak bultzatzea, kontzientziazioan behar egitea, energiaren eraginkortasunerako ikerketak bideratzea, eta abar. Jarduera horiek guztiak, baina, “logika komunitario batetik abiatuta” egingo dituztela argitu dute.
Momentuz, EBkren estatutuak prestatzen ari dira baina, era berean, lehendabiziko proiektu fotovoltaikoen zirriborratzeari ere ekin diote. Proiektu horien bideragarritasuna zein eraginkortasuna ziurtatze aldera, beharrezkoa dute ahalik eta bazkide gehien izatea. Hori dela eta, Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibarko bizilagunei bazkide izateko deialdia luzatu diete. Azaldu dute interesa dutenek “beraien herriko udaletxera deitu eta errekadua utzi” beharko dutela; jarrian, eurak ipiniko lirateke hartu-emanean interesdunekin. Uda sasoiko etenaldiaren ostean, gainera, bost udalerrietan aurkezpen bilera zabalak egitea espero dutela aurreikusi dute EBKkoek.