Lekeitiok udako torneoko bigarren jardunaldia hartuko du
Udako torneoko bigarren jardunaldia lehiatuko dute domekan, Lekeition. 12:30ean hasiko dira partiduak eta sarrera doakoa izango da.
Domekan Laboral Kutxa emakumezkoen udako torneoko bigarren jardunaldia jokatuko dute Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan. Hiru partidu egongo dira, 12:30ean hasita. Txapelketa joan den asteburuan ipini zen abian, Haron.
Lekeition ondorengo partiduak izango dira: Olatz Beitia lekeitiarra Ainhoa Romero lemoaztarraren kontra ariko da lehenik eta behin; jarraian, Aldai eta Capellan Arrizabalaga eta Osesen aurka neurtuko dira; amaitzeko, Larrarte eta Gaminde Garairen eta Erasunen kontra ibiliko dira.
Arrizabalagak “partidu gogorra” aurreikusten du Leketion. Aldai eta Capellan “txapelketa poltsikoratzeko hautagai nagusiak” direla adierazi du. “Aldai eta Capellanen jokoa geurearen oso antzekoa dela esango nuke; gainera, bigarren partidua baino ez da Osesekin, eta, beraz, oraindik bakoitzaren jokoa ezagutzeko prozesuan gaude. Horregatik, lehia gogorra espero dugu”.
Erresistentzia partidua. Arrizabalagaren arabera, atzelariak izango dira izango dute partiduaren giltza. “Pilotak atzera botatzen saiatuko dira, jokoa frontoiaren atzeko koadroetan oinarritzen, eta horrek erresistentzia handia izatea eskatuko du”. Udako torneoko lehen jardunaldian “jende dezente” bildu zen Haron, eta gernika-lumotarrak gauza berbera espero du Lekeitioko jardunaldirako ere: “Uda sasoia izanda, jende asko ibiliko da bertan, eta pilotalekura hurreratzea espero dugu”.