Markina-Xemeinek Euskadiko herriartekoa lehiatuko du domekan
Markina-Xemeinek Oiartzunen kontra jokatuko du domekan Euskadiko Herriarteko Txapelketa. Gipuzkoarrak txapelketa eskuratzeko hautagai nagusiak izan arren, markina-xemeindarrak ezustekoa ematen saiatuko dira.
Markina-Xemeinek Euskadiko Herriarteko Esku Pilota Txapelketa jokatuko du datorren domekan, Oiartzunen kontra. Baztanen kontrako finalaurreko norgehiagoka irabazi ondoren iritsi dira markina-xemeindarrak lehiaketako finalera.
Partidua Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatuko dute, eta hiru kategoriatako pilotariak ibiliko dira zein baino zein gehiago. Lehenengo eta behin, kadeteen txanda izango da; jarraian, gazte mailakoak arituko dira; azkenik, nagusi mailakoen txanda izango da.
Markina-Xemeingo taldekoak adierazi dutenaren arabera, “final oso gogorra” izango da domekakoa. Izan ere, Oiartzun txapelketa poltsikoratzeko hautagai nagusia dela azaldu dute; talde gipuzkoarra Gasteizen aurkako finalaurrekoan nagusi agertu zen, eta erraztasunez irabazi zuen partidua.
“Finaleko garaipena Markina-Xemeinera ekartzea oso gaitza da, gure aukerak oso murritzak dira, baina ahalik eta mailarik onena ematen eta lehiakorrak izaten saiatuko gara”, adierazi dute. Oiartzungo taldeak maila guztietan duen “erregulartasuna eta kalitatea” nabarmendu dituzte markina-xemeindarrek, eta garaipena lortu ahal izateko “gogor saiatu beharko direla” azaldu dute.