Indusketa arkeologikoak egiten ari dira Lekeitioko irlan
Zapatura [abuztuak 27] arte luzatuko dira Atabaka Kultur Alkarteak antolatutako lanak. Nahi duten guztiek parte hartu dezakete; ez da esperientziarik behar.
Aurreko urteetako lanagaz jarraituz, indusketa arkeologikoak egiten ari dira Atabaka Kultur Alkarteko boluntarioak, Aranzadi Zientzia Elkartekoekin elkarlanean. Eguaztenean [abuztuak 24] ekin zioten lanari, eta zapatura [abuztuak 27] arte ariko dira ekinean.
Urtero modura, helburua Garraitz irlako giza populazioaren ezagutzan aurrera egitea dela gogora ekarri du Atabaka elkarteak, eta kanpaina honetan uhartearen hegoaldeko muturrean lan egingo dute batez ere: ” Garraitz Parke Arkeologikoak gizakiaren okupazioaren ebidentziak ditu Erdi Arotik ia gaur egunera arte: baseliza, komentua, lazaretoa, gotorleku militarrak… Uhartearen hegoaldeko muturrean, XVIII. mendearen amaieran eraitsitako baseliza zaharragaz eta eta leku horretan bertan eraikitako Frantziskotarren komentuagaz lotutako hainbat eraikin identifikatu ahal izan dira, eta inguruaren marrazkirik osatuena lortu nahi da, multzoa berreskuratzeko eta balioesteko prozesuari ekiteko arrazoizko irizpideak izateko”.
Era berean, indusketak egingo dituzte mendebaldeko plataforman ere, bertan lazareto modura (gaixotasun infekziosoak tratatzen dituen ospitale edo antzekoa) erabili izanaren aztarnak aurkitu dituzte eta.
Alfredo Moraza Aranzadi Zientzia Elkarteko historialari eta arkeologoak gidatuko ditu indusketak, eta beragaz batera indusketetan parte hartzeko ez dela esperientziarik behar azpimarratu dute Atabakakoek: “Edozeinek parte hartu dezake, horretarako 09:00etan irlara hurbiltzea besterik ez da egin behar”.
Bestalde, Atabakaren ekimenez, Garraitz ezagutzeko bisita gidatuak ere ari dira eskaintzen: “Doakoak dira, eta marearen arabera aldatzen da ordutegia”. Zehaztu dutenez, uztailean 220 bisitari egon dira, eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez burutu dituzte bisitak. Irailaren 11ra arte egongo da bisita horietan parte hartzeko aukera.