Pedro Zabala Telleriak botako du Lekeitioko sanantolinetako txupina
Lekeitioko Udalak eta Jai Batzordeak omenaldia egin nahi izan diote, hainbat urtez egindako lana eskertzeko.
Berrogeita bi urtez Anteroren jaitsiera antolatzeko arduraduna izan denak botako du aurten Lekeitioko San Antolin jaietako txupina. Pedro Zabala Telleriak azkenengo aldiz jaitsiko du aurten Antero kanpandorretik eta, hori dela eta, Lekeitioko Udalak eta Jai Batzordeak omenaldia egin nahi diote, urte horietan guztietan Lekeitiogatik eta San Antolin jaiengatik egin duen lana balioan jartzeko.
Zabala arduratu izan da hasieratik, 1980tik, Antero kanpandorretik udaletxeraino bideratzen, bere emaztearen laguntzagaz. Kanpandorrean egon izan da bera, eta emazteak jaso Antero udaletxean. Aurten, berriz, lekuz aldatu eta udaletxean itxarongo dio jaietako protagonistari, eta bertako balkoitik botako du txupina.