Lekeitioko ginekologia zerbitzua bermatzeko sinadura bilketa jarri dute berriro martxan
Potxuak Martxan talde feministak 2014an sinatutako akordioa betetzea eskatzen du
Lekeitioko osasun zentroko ginekologia zerbitzua herritarren kezka nagusietako bat izan da azken urteetan, luzarotik datorren borroka da. Potxuak Martxan talde feministak salatu du “denbora luzea” daramatela herriko osasun etxean ginekologia zerbitzurik gabe. “2014an sinatutako akordioa betetzea nahi dugu, hots, Lekeitioko Osasun Zentroan emaginaren kontsultak egunero eta ginekologoaren kontsulta, artatzeko gehienez hilabeteko epearekin ematea”, zehaztu dute.
Gaur egun Lekeitioko emagina oporretan dago eta lanean egon ez bitartean, Osakidetzak ez du ordezko langilerik jarri, beraz, ez da zerbitzurik egon azkenaldian. Ginekologoaren kasua, bestelakoa da, talde feministaren kezka da, “ordezkapen bat egiteko gaitasuna erakutsi ez badute, izan daiteke emagina jubilatzen denean Lekeitioko postua kentzea”. Lekeitioko eta inguruko herrietako emakumeak«bigarren mailako» herritarrak bailiran hartzen dituztela diote: «Zerbitzua jasotzeko, autorik ezeam, ordubeteko bidaia daukagu Gernika-Lumoraino edo Abadiñoraino».
Udan osoan, martitzenero, 11:00etatik 11:30era Lekeitioko osasun etxearen aurrean elkartu dira. Hain zuzen ere, gaur [abuztuak 30] osatu dute azken elkarretaratzea. Orain bestelako bidea hartuko dute, sinadura bilketarena. Bihar arratsaldean [abuztuak 31], esate baterako, Eskolapean egongo dira. San Antolin jaietara begira manifestazio feminista burutuko dute 21:00etatik aurrera Tortola kaletik hasita “Emakumiok jaijetan gaoz, itxi bakian!” lelopean eta hasi baino lehen batuko dituzte sinadurak.
Aspalditik. Dena 2013ko urtarrilaren 23an hasi zen talde feministaren arabera, “Lekeition kezka handia zegoen ginekologia zerbitzua Gernika-Lumora pasako zen susmoa baitzegoen”. Horren aurrean, uztailaren 15ean ginekologia zerbitzuen murrizketa posibleen aurka, herritarren 2.475 sinadura bildu zituzten. Ez bakarrik lekeitiarrenak baita inguruko herrietakoak ere: Mendexa, Amoroto, Gizaburuaga, Berriatua, Aulesti, Ondarroa, Etxebarria eta Markina-Xemein.
2014ko martxoan Lekeitioko osasun zentroan bilera izan zuten Potxuak Martxaneko bi kidek, “Galdakao-Usansolo Ospitaleko eta Lekeitioko Osasun Zentroko zuzendaritzarekin eta Lekeitioko Udaleko ordezkariekin (EH Bildu)”. Hurrengo akordioetara iritsi ziren talde feministakoak: “Batetik, emaginaren kontsultak egunero izatea. Bestetik, Lekeitioko Osasun Zentroan ginekologia kontsulta, gehienez ere, hilabeteko epean artatzea eta larrialdi kasuetan soilik egingo zirela salbuespenak. Azkenik, ginekologia kontsulta Gernika-Lumoko Ospitalean, egunero, beharrezkoak diren ekipamenduekin eta instalazioekin izatea. Horrez gain, zerbitzuan sor zitezkeen arazoetarako Lekeitioko Osasun Zentroko eta Galdakao-Usansolo Ospitaleko arduradunek harreman zuzena izatea”. Hau da, gaur egun eskatzen duten akordioa betetzea, hain zuzen ere.
Borrokan. 2018ko udan, beste behin, susmoa zabaldu zen ginekologia zerbitzuan murrizketak egongo ote ziren. “Galdakao-Usansoloko Ospitaleko zuzendaritzarekin harremanetan jarri ginen. Zerbitzuaren kalitatea bermatuko zela eta Lekeitioko Udalarekin harremanetan jarriko zirela adierazi ziguten. Harremanetan jarri ziren, baina Lekeitioko Udalak (EAJ) ez zuen borondaterik adierazi zerbitzuaren defentsan”, salatu dute.
Pandemia garaian murrizketak egon direla onartu badute ere, “aparteko egoerari erantzuteko modua” zela uste izan dute talde feministakoek. Ez da hala izan: “Denbora luzea daramagu gure herriko osasun zentroan ginekologia zerbitzurik gabe”. Hau da, salatu nahi dute ez dela 2014ko akordioa betetzen ari, “Osakidetzarentzat bigarren mailako ardura da Lekeitioko ginekologia eta obstetrizia zerbitzu erabiltzaileen osasuna”. Horrez gain, Potxuak Martxaneko kideek Lekeitioko Udalaren gainean jarri dute arreta, “ez dute egin herritarron oinarrizko zerbitzuen alde, murrizketa honen berri izanda ere, egoera onartu eta gure ongizatearen galeraren konplize bihurtu dira”. Gainera, argi utzi nahi izan dute zerbitzu duinak bermatzeko “borrokatu beharra” daukatela.