Mutrikuko Samikolla 18 atarian egiten ari diren lanek desadostasunak eragin dituzte
Irisgarritasuna eta auzokideen arteko neutraltasuna uztartzea posible dela uste du bizikide talde batek.
2021eko maiatzean abiatu ziren Samikolla 18 atariko obra lanak, eta amaiera fasean dago proiektua. Obra lanek auzoko bizikide talde bati kalteak sortu dizkie, eta auzokideek, desadostasuna adierazteko asmoz, bildu eta iritzia elkarbanatzeko ahalegina egin dute.
Bizikide talde horrek aditzera eman duenez, Samikolla 18an egindako obra lanen aurrean «desadostasuna» erakustea da beraien asmoa. Aipatutako etxebizitza proiektuak «auzotarren zati handi bati sortzen dion haserrea» agertu nahi izan dute.
Proiektuak hainbat aldaketa ekarri ditu. Etxebizitzaren teilatua handitzea eta igotzea, teilatu gainean kasetoi handi bat duen igogailua ezartzea eta pasabide berri baten sorrera, hain zuzen ere, teilatua eta aparkaleku publikoa biltzen dituena.
Aipatutako aldaketek «eragin zuzena dute inguruko gainerako etxebizitzetan». Etxebizitzei ikusgarritasuna ezabatzea izan da auzi horren arazoetako bat, baina baita pasabidearen amaieran dagoen aparkaleku publikoarengan eragingo duela ere. «Ez dakigu zer gertatuko den zehazki gune horretan, baieztapen ezberdinak egin baitira denbora igaro ahala, baina aparkalekuren bat kentzea aukeren artean egon da».
Kalteek eragin zuzena daukate inguruko gainerako etxebizitzetan
Auzokideek argi azaldu nahi izan dute Mutrikuko Udalak mugikortasuna eta bereziki irisgarritasuna erraztearen alde daudela, baina «irisgarritasuna ezinbesteko baldintza izanik, bateragarri dela diote «ingurumen inpaktu minimo batekin eta auzoko bizilagunei kalterik ez eragitearekin».
Gaineratu dutenez, kasu zehatz horretan aipatutako bi alderdiak uztartzea posible zen, hau da, irisgarritasuna eta kalterik eza. Hain zuzen ere, Mutrikuko Udalak egindako iradokizun teknikoetan ere horrela jaso zen: «Baina ez dira kontuan hartu obrak egiterakoan eta, gainera, iradokizunak kontuan hartu ez izanak inolako ondoriorik ez du izan».
Bizilagunek adierazi dutenez, hainbat arkitektura-estudiori proiektuari buruzko kontsulta egin diote. Kontuan izan beharreko ezaugarriak azalduz, hala nola, 18. atariko komunitatearen berezitasuna eta eremu pribatu zabala. Adituekin hitz egin ondoren, ondorioztatutakoa honakoa da: «Teknikoki posible da irisgarritasun proiektu bat gauzatzea hirugarrenei kalterik eragin gabe».
Hain zuzen, gogorarazi dute 2018. urtean udalak aurkeztutako eta onartutako proiektuan jada baieztatzen zela ondorioztapen hori, ez dela ezer berria. «Baina komunitateak eta udalak ez dute prestutasunik eta enpatiarik erakutsi izan».
Auzotarren zati handi bati «haserrea» sortu dio obra proiektuak
Udala, erdigunean. Urtebete baino gehiago igaro da obra abiatu zenetik, eta auzokideek adierazi dute euren desadostasuna adierazten jarraitzen dutela eta jarraituko dutela.
Aldi berean, proiektuaren prozesuan udalaren erantzukizuna azpimarratu nahi izan dute: «Mutrikuko Udaleko talde politikoak saihestu egin du proiektua baliozkotzeko benetako argudioak ematea, eta, horrez gain, atzeratu egin da eskatu izan dugun dokumentazioa eta administrazio-errekurtsoaren eta egindako instantzien erantzuna entregatzeko orduan».
2021eko maiatzean udalera jo zuen auzokide taldeak; «lehenago joan behar ginela izan zen jaso genuen erantzuna». Horren aurrean, desadostasun osoa adierazi zuten, lehenago joatea «ezinezkoa» zela ziurtatuz. «Gure aldetik lehenago joatea ezinezkoa zen, proiektu horren berri Alkatetzaren Dekretu bidez obra-lizentzia eman ondoren izan baikenuen».
Eskerrak luzatu nahi izan dizkie laguntza eskaini dieten guztiei
Neutraltasun eza. Egoeraren aurrean, neutraltasun falta salatu dute auzotarrek: «Gure ustez, udal honek ez du auzokide guztien alde neutraltasunez jokatu, auzokide askoren kalterako eraikin bati mesede eginez. Auzoaren idiosinkrasia, politikatik uste ohi den bezala, kontuan hartu izan balitz, ez zatekeen inoiz horrelako gehiegikeriarik onartuko».
Borroka luzearen ondoren eta momentuz izan duten erantzun faltaren aurrean, auzotarrek orain arteko bidea jarraituko dutela azpimarratu dute. Eta gainera, eskerrak luzatu nahi izan dizkie laguntza eskaini dieten guztiei: «Eskerrak eman nahi dizkiegu Samikollako eta Mutrikuko pertsona guztiei, denbora honetan laguntza eta babesa eskaini digutelako».