Arrakastaz hasi da 34. Ziortzako Kontzertuak jaialdia
Beste hiru kontzertu eskainiko ditu jaialdiak asteburuan. Kontzertuak doan dira, eta autobus zerbitzua eskaintzen dute Ziortza-Bolibarko herrigunetik Ziortzako Monasteriora joateko.
34. Ziortzako Kontzertuak jaialdiko kontzertuen bigarren txandaz gozatzeko aukera izango dute asteburu honetan antzinako musikaren maitaleek. Joan den asteburuko arrakastaren ondoren, beste hiru kontzertu eskainiko ditu jaialdiak: bat zapatuan [irailak 17] 18:00etan, eta beste bi domekan [irailak 18], 13:00etan eta 18:00etan.
Zapatuan, Silvia Marquezek zuzendutako La Tempestad talde ezagunak naturagaz lotutako programa aurkeztuko du. Il Gardellino eta La Note obra ospetsuak joko dituzte eta baita Lau Estazioak ere. Kontzertu horretan Nuria Espert kataluniar antzezle eta antzerki eta opera zuzendariak ere parte hartuko du. “Lau Urtaroak inspiratu zituzten sonetoak egokitu eta batzuk irakurriko ditu”, aurreratu dute antolatzaileek.
Domeka goizean organo kontzertua egongo da Silvia Marquez Chulillaren eskutik. Ziortzan dauden organo biak joko ditu La Tempestad talde barrokoko zuzendariak: Joseph de Echebarriaren organoa eta Josemari Arrizabalagak egindakoa. “Iparraldeko konpositoreen lanak joko ditu, Euskal Herriko eta Aragoiko XVI. eta XVII. mendeetako musikagileenak”.
Vandalia ahots-taldearen emanaldiagaz emango diote amaiera, domeka arratsaldean, aurtengo jaialdiari. Boskoteak Monteverdi eta Gesualdo programa eskainiko du. “XVII. mendearen hasieran Monteverdik italiar madrigalistika unibertso finaren zimenduak astindu zituen obra guztiz ameslariekin, errezitaldian sartzen diren bi doinurekin, esaterako. Aldi berean, Carlo Gesualdok, harmonia torturatuekin eta bere piezen irudi ia piktoriko bihurriekin, musikaren munduak barneratzeko denbora behar izan zuen eztenkada eman zion etorkizunari. Beti dago pertsona erdian eta bere emozioak eta hori guztia ahotsaren bidez adieraziko dute, ahotsa de eta gure instrumentu bereziena”.
Ziortza-Bolibarko herrigunetik Ziortzako Kolegiatara joateko autobus zerbitzua eskainiko dute, errepidea itxita egoten baita
Aurten, berriro ere, ez da plazarik gorde beharko kontzertuetara joateko, ez da-eta edukiera mugarik egongo. Kontzertuak doan dira, eta nahi duen guztiak joan ahal izango du. Ohi modura, Bolibartik Ziortzako Kolegiatara joateko autobus zerbitzua eskainiko dute, errepidea itxita egoten baita. “Bolibar eta Ziortza artean dagoen errepidea moztu egiten dugu, auto pilaketak saihesteko, eta autoz joan ezin denez autobusen bitartez jendea batetik bestera eramaten dugu”.
Bestalde, autobusak antolatzen dituzte Bilbotik ere, eta autobus horretan tokia hartzeko Ziortzako Kontzertuen webgunean dagoen inprimakia bete besterik ez da egin behar. Joan-etorria egiten dute autobusek. HEMEN EGITARAUA
Maila handia. Belgikatik etorritako Il Gardellino talde ospetsuaren kontzertuagaz hasi zuten joan den zapatuan [irailak 10] aurtengo Antzinako Musikaren Jaialdia. Taldeak jende ugari erakarri zuen Ziortzara, kolegiata betez.
Antolatzaileek azaldu dutenez, programa aproposa eskaini zuen Il Gardellinok, Joan Sebastian Bach-en ibilbide bat. “Arrakasta handia izan zuten. Aspalditik ez genuen ekartzen horrelako mailako talderik. Beragaz etorri zen, gainera, Miriam Feuersinger sopranoa. Musika sakra eta barrokoa abesten ditu, eta jendea oso pozik geratu zen”.
Aurten goizeko jardunaldi bat eskaintzen ari dira, Ziortzako organoari balioa eman asmoz
Orain arte, arratsaldetik izan dira urtero jaialdiko kontzertuak, baina aurten goizeko jardunaldi bat eskaintzen ari dira, Ziortzako organoari balioa eman asmoz. Horrela, domeka goizean, meza nagusiaren ostean, organo kontzertu bat dago. Joan den domekan [irailak 11], esate baterako, ia-ia 200 pertsona elkartu zituen kontzertu horrek. “Ziortzako Joseph de Echebarriaren organoa, 1686koa, oso garrantzitsua da, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako zaharrena da. Proba berezi bat egin genuen, eta Ziortzako organoaren kalitate guztia ikusi ahal izan genuen. Organoarekin batera tronpeta natural bat eta perkusioa aritu ziren”.
Jaialdi guztietan bezala, Propitia Sydera Orkestraren emanaldia eskaini dute aurten ere; domeka arratsaldean izan zen kontzertua. “Bizkaiko eta Gipuzkoako musikariak jotzen dute orkestra horretan. Ikasketak kanpoan egin dituen jende gaztea da, Barrokoaren munduan sartuta dagoena. Urtero, ospe handiko interprete bategaz elkartzen ditugu”. Flauten kontzertua izan zen domekakoa, etaAnna Fusek flautistak jo zuen orkestragaz batera.
📸 Argazkiak: Ziortzako Kontzertuak taldea