Senegaldar Jaia ospatuko da, Ondarroan
Zapatuan [irailak 17] ospatuko dute jaia, Itsasaurren. Hurbiltzeko gonbidapena luzatu dute. Moussa Thior: "Bildu egiten gaitu".
Hogei urte igaro dira lehenengo aldiz Senegaldar Jaia Ondarroan ospatu zenetik. 2002. urtean, Loren Arkotxa Ondarroako alkateak Asociacion Senegaleses Pueblo de Bassoul en Euskadi elkarteagaz elkarlanean bultzatu zuen ekimena. Eta horrela sortu zen Bizkaia mailan egindako lehenengo Senegaldar jaia.
Bizikidetza oinarri duen jaia zapatuan [irailak 17], ospatuko da Itsasaurren. Moussa Thior antolatzailearen hitzetan, gogotsu gaude jaia berriz ospatzeko. “2019an egin genuen azkenengoa. Ondo sentiarazten digu jaia egiteak, babestuta sentitzen gara, eta herritarren laguntza sumatzen dugu. Hori garrantzitsua da bizikidetza on baterako”.
Jai giroa egun osoan egongo da, eta eguerdian, ohi bezala, bazkaria egingo dute. Urtero pila bat jende batzen ditu. “200 lagunentzako janaria prestatzen dugu gutxi gorabehera, baina ia gehienetan motz geratzen gara”. Ez dago aldez aurretik izena eman beharrik, nahi duena joan daiteke. 20:00etan, musikari bide emango zaio, Ousmane Ndiol Faye Et Les guelwars du sine taldea arduratuko da eguna girotzeaz.
Antolatzaileek eguna ospatzearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute: “Bildu egiten gaitu. Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko jende asko hurbiltzen da Ondarroara. Asteburua izanik, Hendaia, Zaragoza eta Andaluziatik animatzen da jendea”. Herritarrei ere hurbiltzeko deia egiten diete: “Ongi etorriak izango dira”.