Berriatuarrek herri kiroletan daukaten trebetasuna erakutsi dute
Aitxe Kutz jaiak ospatu dituzte gaur (irailak 17) Berriatuan. Herritarren arteko jolas eta desafioekin gozatu dute ume, gazte eta nagusiek; lagunarteko giro ona izan da nagusi.
Herritarrak trontzan. Sekulako giroa eduki dute gaur Berriatuko Urepel plazan. Umeak lehenengo eta gainerako herritarrak ondoren, zein baino zein gehiago aritu dira kirol proba ezberdinak eginez. Duatloia eta herri kirolak egin dituzte umeek eta herri kiroletan neurtu dira gero, nagusiagoak. Jose Martin Bustinza Tubi herri kiroletako kirolari ezagunaren laguntza eduki dute.
Herritarrekin osatutako lau talderen artean egin da herri kirol dema. Trontzan, txinga eroaten, txokor batzen, ingudan eta sokatiran egin behar izan dute lau taldeetako partaideek. Batzuk batzuen alde, besteak besteen alde, ikusleen animorik eta txalorik ez dute falta izan.
Gogor. Trontzagaz hasi dira eta ebaketa bakarra egin behar izan dute ahal zuten denbora gutxienean. Gogor aritu dira taldeetako kideak, baina errepikatu ere egin behar izan dute gazteek. Txinga eroaten ere, aringa-aringan batzuk eta estuago besteak, baina, hala edo hola, ondo konpondu dira denak.
Txokor batzen egin dute jarraian. Lana bikoitza izan da, kendu eta ipini. Neska eta mutilez osatutako bikoteak aritu dira txokorrak batzen txandaka, eta azkeneraino borrokatu dute denek.
Ingudea ez da izan errazagoa, eta Tubiren aholkuak ezinbestekoak izan dira ingudea ondo erabiltzeko. Gorputza zelan jarri eta ingudea zelan altxatu azaldu die Tubik. Eta, aholkuak entzunda, gogor ibili dira, gora eta behera, kolpeak ematen. Guztira, 25 altxaldi egin behar izan dituzte.
Herri kirol demagaz amaitzeko, gainera sokatiran egin dute taldeek. “Eutsi, eutsi eta tiretu, tiretu” ozen entzun da Urepel plazan, eta horretan ahalegindu dira taldeak, batzuk etzan ere egin dira, sokatira talde profesionaletan egin ohi duten moduan.
Proba guztietako puntuak batuta, talde berdea geratu da gaurkoan garaile, atzetik, berdinduta, helduen taldea eta kamiseta beltzekoak eta, azkenak, esperientzia faltagatik agian, gazteenak. “Kirol gehiago egin behar dugu” komentatu dute gazteek euren artean. Datorren urtean prestatuago egongo dira, seguru.
Bizikletan. Tubiren eskutik lasto jolasak egiteko aukera eduki dute herritar guztiek ondoren, eta jarraian, bazkarian batu dira Arriola jatetxean. Desafioek ez dute etenik eduki egun osoan; arratsaldean herritarren arteko bizikleta desafioa egin da, kostako bidetik joanda.