Ispasterko artisau eta nekazaritza azokak bisitari ugari bildu ditu
Gaur [irailak 17] goizean ospatu da Ispasterko nekazari eta artisau azoka. Eguerdian batu da jende gehien. Berriro ere erosleekin zuzeneko hartu emanetan egotea "pozgarria" dela azaldu dute ekoizleek.
Ispasterko nekazal eta artisau azoka. Ohiko eredura itzuli da gaur goizean [irailak 17] berriro ere, Ispasterko azoka, eta ekoizle zein erosleek eskertu egin dute. Azokak salmenta gune garrantzitsuak dira ekoizleentzat, askorentzat bere salmenta gunerik garrantzitsuena edo bakarra, eta berriro ere erosleekin zuzeneko hartu emanetan egotea “pozgarria” dela azaldu dute batzuek.
Erosleak ere “gustura” agertu dira, Lea-Artibaiko eta inguruetako artisau eta ekoizleen produkturik onenak eskuratzeko aukera eduki dute-eta azokan. Eskaintza zabala aurkitu dute, gainera, Elexalde enparantzan zein elizaren ondoko frontoian. Guztira, hemeretzi postu egon dira eta euretan, besteak beste, 0 km-ko produktuekin egindako elikagaiak, esnekiak, haragia, ogi eta gozoak, gazta, eztia, ahate produktuak, elikagai ekologikoak eta hestekiak eskuratzeko aukera egon da, bai eta osagarriak, bitxiak, egurrezko tailak edota saskiak ere. Ekoizleen artean egon da Markina-Xemeingo Baskaran Gaztak gaztandegia, atzo [irailak 16] Santa Eufemia Egunez Bermeon lehiatu zen Bizkaiko 32. Artzai Gazta Txapelketako irabazlea. Postua jendez bete eduki dute une batzuetan.
Beste batzuk modura, aurten ere Ispasterko azokan egon da Paul Erdozia bitxigilea. Lekeitiarrak urteak darama Ispasterko azokan postua jartzen. “Ondoan egonda ez naiz falta izaten Ispasterren”, esan du. Zilarragaz eta larruagaz egindako era askotako eskumuturreko eta lepokoak eduki ditu aukeran besteak beste.
Artisautza zuzenean. Eskaintza zabalaz gain, azokak artisautza lan batzuk zelan egiten diren ezagutzeko aukera ere eskaini du, hala nola, egur tailak, ehoziriak edota saskiak. Esate baterako, Jose Luis Etxeberria eta Arrate Lizarralde Azpeitiko Nuarbe auzoko senar-emazteak gaztainondo zurezko saskiak egiten dituzte, eta horretan aritu da Etxeberria gaur goizean, zelan lan egiten duten jendeari erakusteko. Hutsetik hasi eta saki eder bat sortu du. Senar-emazteek azaldu dutenez, saskiak orain dela 500 urte egiten zen modura egiten jarraitzen dute. “Materialak lan asko dauka, egitea errazagoa da. Guk botatzen dugu egurra eta saskia egiteko materiala sortzen dugu lehenengo. Garrantzitsua da horretarako egurra ezagutzea”.
Eta ondo ezagutzen du bere lanbidea Etxebarriak. “Guraso eta aiton-amonak ere saskiak egiten zituzten; txikitatik nabil ni honetan”. Itsasorako, patatetarako, mahatserako egiten zituzten lehen hainbat otzara. Gaur egun ofizioa galtzen ari dela azaldu dute. “Saskiak egiten dituzten gutxi batzuk geratzen gara”. Horrela, azoka guztietan daukate lekua. Hurrengo Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusian egongo dira Markina-Xemeinen eta Lekeitioko Santo Tomasetan ere egotea dute asmoa. “Hemendik Gabonetara azokaz azoka ibiliko gara”.
Etxeberria bezala ibili da lanean Felix Larrinaga, baina kasu honetan egur tailak egiten. Beraren moduan Elexalde enparantzan egon dira ehoziri taldekoak ere, ekinean, umore onez, eta hainbat ikusle hurreratu zaizkie, egiten duten lanagaz galdetu edo argazkiren bat ateratzeko.
Animaliak ere itzuli egin dira aurten azokara. Herri eskolaren aurrean egon da kokatuta animalien erakusketa gunea, eta bertan, Ispasterko Jon Garatearen sasi ardiak, Manu Meaberen zaldiak eta ahuntzak, Alfonso Hidalgoren poniak, Juan Jose Telleriaren astoak, Bedaruko Mikel Iturrasperen behiak eta txahal txikia eta Aulestiko Eusebio Bengoetxearen euskal abereak egon dira, txiki eta nagusien gozamenerako. Batzuek zein besteek ikusmina eragin dute.