Amaiera aparta eman zioten atzo Mutrikuko Galbaixo jaiei, hain zuzen ere, Galbaixotarren Egunarekin.
2022ko Galbaixo jaien azken txanpari ekin eta eguraldia lagun izanik, herritar eta auzotar asko igo ziren Galbaixo gainera Galbaixotarren Egun bereziarekin gozatzeko asmoz, eta horrela izan zen: “Eguna giro ezin hobean joan da. Oso pozik gaude”.
Ohi bezala goiza hiru auzotan hildakoen aldeko mezarekin hasi zuten. Ondoren, jai giroari bide eman zioten. Hain zuzen ere, Gure Ametsa dantza taldeko kideek giro aparta ezarri zuten, “hankak arin arin jarri dizkigute eta giro aparta ezarri zuten”. Erromeriarekin batera, jai giroa goi-goian zegoen.

Iturria: Galbaixoko Jai Batzordea
Goiza gozoturik, bazkalostean jarraitu zuten ekimenek. 17:00ak aldera, ume eta gaztetxoei bideratutako ekintzei ekin zieten. Jolasak antolatu zituzten: “Gustura aritu dira gure txikiak. Ondoren, txokolate goxoa jan zuten indarrak hartu eta jarraitzeko”. Ez zen txikienei bideratutako ekintza bakarra izan, zezen txiki eta pottokekin aritzeko aukera ere izan zuten.
Ondoren, II. Bola Txapelketarekin hasi ziren, lehenengo ekitaldian izandako arrakasta ikusita, formula berarekin ekin zioten ikuskizuna eman zuen txapelketari. Hauek izan ziren sailkatuak:
1. Bittor Astigarraga
2. Gari Rodriguez
3. ArkaitzRodriguez
4. Enara Montiel

Argazkia: Galbaixoko Jai Batzordea
Eguna zozketa eginaz amaitu zuten. 600 euro lehen saria 1413 zenbakiarentzat izan da (ordezkoa 1987). 200 euro bigarren saria, berriz, 2147 zenbakiarentzat izan da (ordezkoa, 1826).