Eguraldiak asko baldintzatu du Etxebarriko BTT martxa
60 mendi txirrindulari elkartu ditu Etxebarriko BTT martxak. Ibilbide luzea kendu egin behar izan dute, euriteen ondoriozko lokatzagatik; beraz, martxa laburra baino ez dute egin. Hurrengo urtean dataz aldatzea baloratzen ari dira antolatzaileak.
Zapatuan Etxebarriko BTT martxa egin zuten. 60 mendi txirrindularik parte hartu zuten, eta lanak eduki zituzten egun osoan zehar egindako eguraldi txarrari aurre egiteko. Antolatzaileek, hasiera batean, ibilbide luzea eta laburra prestatu zituzten (hurrenez hurren, 36 eta 30 kilometrokoak), baina zapatuko euriteek egoera errotik aldatzera behartu zieten, azaldu dutenaren arabera: “Lokatz ugari zegoen ibilbidean, eta, gainera, ibilbide luzeak jaitsiera arriskutsu pare bat zuen; horrenbestez, ibilbide luzea bertan behera uztea eta laburrari bakarrik eustea erabaki genuen”.
Lokatzak bidezidorrak arriskutsu eta gogor bihurtu arren, antolatzaileek argitu dute ez dela inongo istripu larririk egon. “Pertsona bakarrak jasan zuen erorikoa, eta ez zen batere larria izan; anbulantziak, hortaz, ez zuen inor artatu behar izan. Hori oso garrantzitsua da guretzat, mendiak egunean bertan zeukan itxura aintzat izanda”, adierazi dute.
Era berean, antolakuntzatik adierazi dute data berean beste martxa nahiz proba batzuk egoteak “onura gutxi” egin ziela. “Gipuzkoan eta beste toki batzuetan martxak egon ziren, eta horrek, eguraldiagaz batera, jende gutxiago animatzea ekarri zuen”, azaldu dute. Hurrengo urtera begira, Etxebarriko BTT martxa dataz aldatzearen inguruan hausnartzen ari dira: “Maiatz ingurua, esate baterako, hilabete egoki askoa litzateke, baina data zehatza finkatu barik dago oraindik”.
Euriari aurpegi ona. Eguraldi petrala gorabehera, irteera eta, batez ere, helmuga gunean parte hartzaileak, senideak eta lagunak egon ziren. Dutxatu ostean, ziklistek mokaduaz eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera eduki zuten, zozketez gain.