Elkarretaratzeak deitu dituzte Soraluzeko emakumearen hilketa matxista salatzeko
Gaur [irailak 27] deitu dute elkarretaratzea Markina-Xemeinen eta bihar [irailak 28] irtengo dira herritarrak Aulestin, Mutrikun, Lekeition eta Ondarroan, Benidormen izandako hilketa matxista salatzera. Soraluzeko emakumea Euskal Herriko hirugarren biktima da urtea hasi zenetik.
Soraluzeko emakumearen erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun. Gaur [irailak 27] arratsalderako egin du deialdia Markina-Xemeingo Udalak. Elkarretaratzea 20:00etan egingo da udaletxe aurrean, eta herritarrei bertaratzeko eta indarkeria matxistaren aurrean gaitzespena agertzeko dei egin diete. Bihar [irailak 28], berriz, Mutrikun, Ondarroan, Lekeition eta Aulestin aterako dira herritarrak Benidormen izandako hilketa matxista salatzera. Mutrikun Goiko Plazan egingo dute elkarretaratzea 18:30ean, ordu berean ere Lekeition batuko dira, Aulestin 19:00etatik aurrera egin dute deia herriko plaza batzeko eta Ondarroan 19:30ean elkartuko dira Alamedan.
Espainiako Poliziak domeka [irailak 25] gauean topatu zuen andrearen gorpua, Benidormeko bere etxean (Herrialde Katalanak), bi labankada eta indarkeria zantzuak zituela. Susmagarri nagusia biktimaren senarra da, 73 urtekoa. Emakumearen senarra trafiko istripuan hil zen domekan, eta horren berri ematera joan zirenean aurkitu zuten emakumearen gorpua etxean. Espainiako Poliziak zabalik aurkitu zuen biktimaren etxeko atea.
Gizona zirkulazio-istripuz hil bazen ere, lehen zantzuen arabera, baliteke bere buruaz beste egin izana. Gidatzen ari zen autoak garabi bat jo zuen La Vila Joiosa parean (Herrialde Katalanak), 22:10ean. Bikoteak hainbat urte zeramatzan Benidormen bizitzen, eta aurretik Zarautzen ere bizi izan ziren.
Soraluzeko emakumea Euskal Herriko hirugarren biktima da urtea hasi zenetik.