Nanoipuin lehiaketara lanak aurkezteko epea zabalik dago
Irabazleak 400 euro eskuratuko ditu. Lanak aurkezteko azken eguna urriaren 14a izango da.
Ondarroako Udal Euskara Sailak XI. Nanoipuin Lehiaketa jarri du abian. Euskara saileko arduradunek iragarri dutenez, sorkuntzaren bidez euskara sustatzeko helburuagaz sortutako lehiaketara lanak aurkezteko azken eguna urriaren 14a da. Literatura zaletasuna bultzatze aldera sortutako sariketara edozein aurkeztu ahal da, ondarrutarra izan ala ez, eta ez dago adin mugarik.
“Istorioa bat 140 karakteretan bidaltzera animatu”. Azken urteetan legez, kontakizunek gehienez ere 140 karaktere (espazioak barne) eduki ditzakete, eta gaia librea da. Kontakizunik landuenak 400 euro eskuratuko ditu.
Lanak euskara sailera bidali behar dira, posta elektronikoz (mrey@ondarroa.eus); nahitaez ezizen bategaz sinatuta bidali behar dira. Posta elektroniko berean egilearen izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia eta telefono zenbakia ere bidali beharko dira. “Testua eta egilearen datuak, biak ala biak, posta elektroniko berean bidaliko dira aparteko agiririk erantsi barik”.