Gogotsu datoz San Jeronimo jaiak
Barikuan [irailak 30] ospatuko dituzte Mutrikuko Mijoa auzoko jaiak. Aurten poligonora lekualdatuko dituzte ekimenak.
San Jeronimo jaiak ate joka datoz Mutrikuko Mijoa auzora. Bi urteko etenaldiaren ostean gogotsu daude auzotarrak jai giroan murgiltzeko, eta egun bateko egitarauarekin datoz aurten. Barikuan, San Jeronimo egunean [irailak 30] burutuko dituzte ekimen guztiak.
Aldaketa nagusi bat nabarmendu dute, aurten jaia lekualdatu egingo da Mijoako poligonora. “Aurten ez da betiko lekuan egingo, poligonoan egingo da. Hasiera batean baserriz baserri egiten ziren jaiak, gero uholdeekin etenaldia egon ostean, Ilunben egiten hasi ginen. Orain pandemiarekin beste etenaldi bat izan ondoren berriz hartuko ditugu jaiak, orain, poligonoan, Arana baserri parean”.
Jai Batzordea gogotsu dator aurten ere: “Auzotarrak ilusioz eta gogotsu gaude berriz egun horri heldu eta gure ospakizunak aurrera eramateko”. Moldaketak eginda, egun bateko egitarauan bildu dute ospakizunak, eta urteroko ekintzak oinarri hartuta, urterik urte jendea erakartzen duen osagaiekin prestatu duten egitaraua auzolanean.
Hortaz, barikuan [irailak 30] auzotarrak izango dira protagonistak. Zehazki, 11:30ean emango diote jaiei merezitako hasiera, txupinak eztanda eginaz batera. 12:00etan mezari heldu, eta ondoren herri kirolen txanda helduko da. Ioritz Gisasola eta Mikel Agirre arituko dira aizkoran, auzotarrei ikuskizun ederragaz gozatzeko aukera emanez. Eta ondoren, auzotarrak herri kiroletan lehiatzeko aukera edukiko dute.; trontzan, sokatiran, lokotx batzen, txinga eramaten, edota ingudea altxatzen. Eguerdian, huts ezinezko hitzorduaren txanda helduko da, urtero 60 bat lagun elkartzen dituen auzo bazkaria.
Jan edanean aritu ostean, urteroko ekimenari ekin, eta Ibiriko pottoka gainean ibili edo zezen txikien aurrean saltaka ibiltzeko aukera izango dute. Ondoren, atsedenaldirik utzi gabe, giroa puntu puntuan mantentzeko asmoz, erromeria hasiko da 19:00etan. Aurten, Gaurargi taldea izango da auzotarrak dantzan jartzeko helburua izango duena.
EGITARAUA
Barikua, irailak 30
- 11:30. Txupinazoa
- 12:00. Meza
- Ondoren. Herri kirolak: Mikel Agirre eta Ioritz Gisasola.
- 14:00. Auzo bazkaria
- 17:30. Zezen eta pottokak (Ibiri)
- Ondoren. Txokolatada.
- 19:00- 22:00. Erromeria: Gauargi taldearen eskutik.