Oletako eskolako erakusketak harrera ona izan du
Oletako Eskoletxeko argazki zaharretan oinarritutako erakusketa abiatu dute. Auzotarrek harrera oso ona egin diote egitasmoari. Etzira arte egongo da zabalik.
Josune Carracedo Ezpeleta artistak, Amorotoko Oleta auzoko bizilagunekin elkarlanean, erakusketa bat plazaratu du, Oletako Eskoletxea izeneko eskola zaharra oinarri hartuta. Carracedok lekuko herritarrek emandako antzinako argazkiak bildu eta editatu ditu, erakusketa horretan.
Argazki horietan, hain zuzen ere, antzina eskolan ateratako argazkiak ageri dira, besteak beste. Artistak azaldu duenaren arabera, Oletako Eskoletxea auzotarren artean “guztiz ezaguna” den eraikina da: “Tokikoek bertan ikasi dute, eta balio emozional handiko espazioa da beraientzat; hortaz, argazki horiek guztiak baliatuz, egoki ikusten nuen eraikinari, auzoari eta auzotarrei omenaldi bat egitea”.
Erakusketa zapatuan inauguratu zuten, eta “momentu hunkigarriak” bizi izan zituen Carracedok: “Nik duela lau urtetik ezagutzen dut lekua, bertan ezarri bainuen nire tailerra; Oletako auzokoek, ostera, bizitza osotik ezagutzen dute; beraz, hainbeste gustatu zitzaiela ikusteak asko hunkitu ninduen”.
Inauguraziora inguruko herrietako jendea eta Bilbotik joandakoa ere gerturatu zen; denek begi onez hartu zuten Carracedo eta bere proiektukideen lana. Etzira arte egongo da zabalik, eta sarrera doakoa izango da, artistaren azalpenekin eta guzti: goizez, 11:00etatik 12:00etara artean; arratsaldez, 18:00etatik 19:00etara.