Punta-puntako kultur emanaldiekin beteko dira Markina-Xemeingo kaleak
Markina-Xemeingo Arte Eszenikoen hirugarren jaialdia antolatu du Udalak Uhagon kulturguneagaz elkarlanean. 'Hondamendia' antzezlanaren estreinaldiagaz edota Joseba Sarrionaindia eta Ines Osinagaren berba eta kantuekin gozatzeko aukera edukiko dute besteak beste, markina-xemeindarrek eta inguruetako bizilagunek.
Arte eszenikoak ikusleei hurbiltzeko helburuagaz dator Markina-Xemeingo III. MARKArte jaialdia, eta, beraz, kaleko ikuskizunak izango dute pisu nagusia aurten. Ikusleek maila goreneko estrainaldi eta artista entzutetsuekin topo egiteko aukera izango dute urriaren 13an hasi eta urriaren 22ra luzatuko den jaialdiaren baitan. Emanaldi bi izan ezik, gainerako guztiak doan izango dira.
“Aurtengo Antzerki Jaialdiak ikuslegoa berreskuratu nahi du eta gure publikoari arte eszenikoez gozatzeko ilusioa itzuli. Maskarekin eta leku mugatuekin ibili ginen azkenengoz eta oraingoan kalera irten nahi izan dugu arte eszenikoak mundu guztiari zabaltzeko. Horretarako espazio desberdinak aukeratu dira emanaldietarako, eta ikuskizunen ordutegia ere aurreratu egin da, denei ikusteko aukera emateko”, azaldu du Luis Egurrola Arakistain Markina-Xemeingo alkateak.
Jaialdia indar handiz hasiko da Katuen Kontuak ikuskizunagaz. Joseba Sarrionaindia idazle ezagunak duela hamar urte Habanan idatzitako dozena bat testu dira ikuskizunaren oinarria, eta Sarrionaindiaren berbekin batera Ines Osinagaren musika eta Itziar Garateren irudiak batzen dira ikuskizunean. Emanaldi hori izango da barruan egingo den bakarrenetakoa, izan ere, ikuskizunaren formatuagatik Uhagon kulturgunea aukeratu dute agertoki modura. Sarrerak eskura daude gaurtik [urriak 3] udaletxeko kutxazainean 5 eurotan.
Big Dancers txotxongilo erreldoien ikuskizunagaz izango du jarraipena jaialdiak urriaren 14an. El Carromato antzerki taldearen ikuskizuna Kaleko Ikuskizun Onenaren Lorca Sariaren finalista izan zen. Erraldoiak, musika eta erritmo eta mugimendu koreografiko eta sinkronizatutako argien efektuak nahasten dituzte ikusleak dantzan jartzeko.
Dantza izango da protagonista baita ere urriaren 15ean. Harrobi Dantza Bertikala konpainiak Harria Herria ikuskizuna eskainiko du Uni frontoi aurrean. Emakumea da protagonista ikuskizunean. Soketatik zintzilik, eskalatzeko grina antzeztuz, dantzaren espresio librea irudikatzen da bertan.
Hondamendia. Ximun Fuchs eta Axut! & Artedrama konpainien Hondamendia antzezlana ere estreinatuko dute Markina-Xemeingo jaialdian. Harkaitz Canok idatzi eta Ximun Funchsek zuzendutako lanaren Hegoaldeko estreinaldia izango da, Iparraldeko estreinaldiaren ondoren. Gainera, Ander Lipus aktore markina-xemeindarra da antzezpeneko aktoreetako bat. Gaiak ere badauka Markina-Xemeinegaz lotura, izan ere bi langileren heriotza eragin zuen Zaldibarko hondamendia du abiapuntu, euretako bat Alberto Sololuze Markina-Xemeingo bizilaguna. Ikuskizunaren ardatza pentsaeraren ibilbidea agerian uztea da: “kontraesanak, esaten dena, egiten dena eta nahi dena”. Antzezlan honetako sarrerak ere gaurtik [urriak 3] aurrera eskuratu ahalko dira udaletxeko kutxazainean 10 eurotan. Ikuskizuna, urriaren 16an taularatuko dute Uni frontoian.
Hurrengo astean jarraituko dute emanaldiek. Horrela, urriaren 20an, dantzaren eta mugimenduaren bidez Mozambique eta Euskal Herria uztartzen dituen sorkuntza artistiko eta elkartruke kulturalen emaitza den Otempodiz dantza emanaldia eskainiko du Ertza konpainiak, Arkupe aurrean.
Aireko akrobaziak, umorea eta poesia batzen dituen Los viajes de Bowa obragaz gozatzeko aukera ere badakar jaialdiak. Urriaren 21ean egongo da La Gata Konpainiaren emanaldia Uni frontoiaren aurrean.
Eta, azkenik, jaialdiari amaiera emateko, Deabru Beltzak taldearen Su Danborren burrunbadak zeharkatuko dituzte Markina-Xemeingo kaleak. Aker akelarreko deabrua kalerik kale ibiliko da bere perkusio joleen segizioarekin batera, zuzeneko musika, piroteknia eta efektu bereziekin lagunduta.
EGITARAUA
- Urriak 13: 19:00etan, Uhagonen, Katuen Kontuak (Sarrera 5 euro).
- Urriak 14: 20:00etan, kaleetan zehar Big Dancers (doan).
- Urriak 15: 20:00etan, Uni frontoiaren aurrean, Harria Herria (doan).
- Urriak 16: 20:00etan, Uni frontoian, Hondamendia (Sarrera 10 euro).
- Urriak 20: 19:00etan, Arkupe aurrean, Otempodiz (doan).
- Urriak 21: 19:00etan, Uni frontoiaren aurrean, Los viajes de Bowa (doan).
- Urriak 22: 20:00etan, kaleetan zehar, Su Danborrak (doan).