22. Umeen Arrantza Lehiaketak Ondarroako moilak beteko ditu
Zapatuan [urriak 8] egingo da lehiaketa, eta Zubi Barritik barra puntarainoko tartean egin beharko da arrantzan. Arrainik pisutsuena eta ale gehien arrantzatzen dutenek saria edukiko dute, baina parte hartzaile guztiek jasoko dute zer edo zer.
Beste behin ere, Arrigorri Itsas Arrantza Elkarteak antolatuta eta Ondarroako Udalaren laguntzagaz egingo da lehiaketa. Zehaztu dute txapelketa 4 eta 14 urte bitarteko ume eta gaztetxoei zuzenduta dagoela, eta 14:00etan Musika Plazan hasiko dela. Arrantza eremua Zubi Barritik barra puntarainoko tartea izango da, eta ezin izango dira eremu horretatik atera.
Sariak. Batetik, arrainik pisutsuena harrapatzen duena sarituko dute; bestalde, ale gehien arrantzatzen dituenak ere saria edukiko du; horrez gain, parte hartzaile guztien artean zozketa bat egingo dute, eta aurreratu dute izena ematen duten denek oroigarri bana jasoko dutela.
Beste alde batetik, antolatzaileek argitu dute amuagaz egin beharko dela arrantzan, eta harrapatzen dituzten arrainak nahitaez hamar zentimetro baino gehiago eduki beharko dutela; lazunak aurkeztea, ostera, ez dute onartuko.