Adin ezberdinetako emakumeak oinez egiteko elkartu dira Lekeition
Lekeitioko Udaleko Emakumea eta Berdintasuna batzordeak antolatuta Emakumeen Ibilaldia egin zen zapatuan [urriak 1]. 27 emakume animatu ziren parte hartzera.
Ibiltzea adin eta edozein forma fisikoko emakumeek egin dezaketen jarduera fisikoa dela-eta Emakumeen Ibilaldia egin zuten joan den zapatuan [urriak 1] Lekeition. 22 emakumek hasi zuten Lekeitioko Udaleko Emakumea eta Berdintasuna batzordeak proposatutako ibilbidea, baina bidean beste bost batu ziren ibilaldira.
Ekimenaren asmoa jarduera osasungarria sustatzea izan dela azaldu du Isabel Mendiguren Laka zinegotziak, eta ibiltzea ohiko zaintza eta etxeko lanetako roletatik kanpo aisialdirako daukagun aukera erraza dela gaineratu du. Gainera, adin guztietako emakumeek egiteko moduko ekimena izatea izan dute helburu. Horrela, 16 urtetik eta 79 urtera arteko adin tarteko taldea batu zen zapatuan elkarrekin batera bost bat kilometro inguruko ibilbidea osatzeko.
Eguraldi ederra izan zuten lagun ibilbidean. Plazatik irten eta itsasargiraino abiatu ziren, eta Maderaseko bide zaharretik hartuta trinketeko kaleraino iritsi ziren, handik Paskual Abaroa Etorbidean zehar berriro ere plazara itzultzeko. Musika, ura eta fruta ere eduki zituzten parte hartzaileek, ekimenari jai giroa emanez.