Adinekoen Nazioarteko Eguna gogoan izan dute Markina-Xemeinen
Jai berezia antolatu zuen barikuan [irailak 30] Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkarteak, San Roke Egotetxean.
Urriaren 1ean ospatzen den Adinekoen Nazioarteko Egunagaz bat eginez, ospakizun berezia antolatu zuten Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkartekoek. Ekitaldi xume bat egin zuten, herriko adinekoen kolektiboa omentzeko.
San Roke Egotetxean egin zuten jaia bariku [irailak 30] goizean; trikitilariek jarri zioten doinua jaiari eta kopaua ere eduki zuten. Arratsaldean, ostera, Beti Jai Elkartean jarraitu zuen jaiak txokolate janagaz.
Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1990ean ezarri zuen oroitzapen-data hori, zahartze aktiboagoa sustatzeko eta adinekoek gizartearentzat duten balioa berariaz aitortzeko beharra azpimarratzeko.
Bide horretan, hainbat ekintza antolatzen ditu Markina-Xemeingo jubilatuen elkarteak. Azkena Mikel Odriozola Markina-Xemeingo medikuaren hitzaldia izan zen. Hezurretako minen inguruan jardun zuen Odriozolak, eta ekitaldiak interes handia eragin zuen. 51 lagunek bete zuten kultur aretoa.