Ondarroako Aringaingan taldeak ikasturteko aurkezpena egingo du
Aurkezpena eguenean [urriak 6] izango da, 19:00etan, Etxelilan.
Beste behin ere Arantza Burgoa Agirregomezkorta izango da taldearen dinamizatzailea, eta, aurreratu dutenez, aurtengo erronka Emakumeen Triatloia egitea edota Ondarroako herrikoian parte hartzea izango da.
Aringaingan taldea 2016an hasi zen bidea egiten. Ondokoa da taldearen filosofia: “Gero eta gehiago gara norbere gorputzaren eta mugimenduen kontzientzia hartuta jarduera fisikoaz gozatzen dugun emakumeok. Kalean beldur eta lotsa guztiak gainditu eta gustura jarduteko helburuarekin jarduten gara topagunean, partaideen arteko harremanak sustatuz eta elkarrekin espazio publikora irtetera bultzatuz. Heziketa Fisikoan lizentziatua den emakume baten dinamizazioaren bidez, norberaren gaitasunen araberako entrenamendu pautak eskaintzen dira, erritmo desberdinetan aurrera egiteko (mailaren araberako taldeak osatuko dira). Urtero bezala, helburua izango da elkarrekin Lilatoin edota bestelako lasterketetan parte hartzea”.