Urriaren 17an amaitzen da Mutrikulan diru laguntza eskatzeko epea
Enpresa proiektu berrien sustapenaz gain, enpleguaren sustapena ere diruz lagunduko da.
Mutrikuko Udalak 40.000 euro bideratu ditu udalerrian enplegua sortu eta enpresa ekimenen garapena bultzatzeko asmoz, hain zuzen ere, Mutrikulan diru laguntzaren bidez. Eskaera epea urriaren 17an amaituko da.
Udal Garapen Batzordeak sustatutako egitasmoak bi atal izango ditu; alde batetik, enpresa proiektu berrien sustapena eta, bestetik, enpleguaren sustapena. Ekintzaileei zuzendutako diru laguntzak 2022an sortutako enpresei zuzenduta daude, “enpleguaren sustapena atalari dagokionean, aurrez martxan dauden enpresak eskatu ahal izango dute, 2022an zehar langile kopurua handitu duten kasuan”.
Enpresa proiektu berrien sustapena lerroaren helburua da Mutrikun enpresa berriak ezartzeko enpresa ekimenei diruz laguntzea. “Zenbait udal zergaren kontzeptuan hobariak aplikatuko zaizkie. Enpresa jartzeko garaian alokairu bat badu ekintzaileak alokairuaren ehuneko bat ere diruz konpentsatuko zaio”.
Inbertsioak ere diruz lagunduko dira, “egiten den inbertsioaren araberako laguntza izango da eta, gehienez, 10.000 euroko diru laguntza eman ahal izango du udalak”.
Enpleguaren sustapena lerroari dagokionez, bestalde, itzuli beharrik gabeko diru laguntzak emango dituzte langileak kontratatzeagatik, ekintzailea bera barne. “Enpresa berriek zein aurretik martxan dauden enpresak eskatu ahal izango dute laguntza. Kontratazio berriak ordenantza hau argitaratu aurreko langile kopurua handitu beharko dute”. Aipatu dutenez, emakumeak zein lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboak laguntza handiagoa izango dute.
Kopurua. Aurkezten diren enpresen gastuak aztertuko dituzte, eta horren arabera kalkulatuko da laguntza kopurua. Enpresa proiektuen sustapenean, udal zergen gaineko hobari ezberdinez gain, inbertsioa diruz lagunduko da, eta irizpide hauek jarraituko dituzte:
- 100.000 eurotik gorako inbertsioek %6ko laguntza jasoko dute, gehienez ere 10.000 eurokoa.
- 50.000-100.000 euro arteko inbertsioek %25eko laguntza jasoko dute, gehienez ere 6.000 eurokoa.
- 50.000 euro baino gutxiagoko inbertsioek %25eko laguntza jasoko dute, gehienez ere 3.000 eurokoa.
Lanpostu berrien sustapenari dagokionean, berriz, 2022an alta emandako enpresetan sortzen den lanpostu bakoitzeko 1.000 euroko laguntza emango da oinarri bezala. Aipatutako kopurua handiagoa izan daiteke baldintza konkretuen arabera. Lehenedik martxan dauden enpresen lanpostu berriak sortzen badituzte 500 euro jasoko dituzte.
Deialdiaren inguruko xehetasunak www.mutriku.eus web gunean ikusi daitezke.