Bolatoki berrietara zabalduko da Euskal Herriko 32. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa
Zapatuan [urriak 8], Eibarko Asola Berrin, emango diote hasiera 2022ko txapelketari. Barinagako (Markina-Xemein) eta Iruzubietako (Ziortza-Bolibar) bolatokiak txapelketako zirkuituaren parte izango dira.
Bolatoki berriak izango dira aurten 32. Euskal Herriko Hiru txirlo Bola Joko Txapelketaren ibilbidearen parte. Arabako bi bolatoki sartu dituzte norgehiagokan. Aramaio herrikoak dira biak, Untzilla eta Etxaguen auzoetan daude kokatuta. Azken urteetan, inguru horretan bola jokoa geldi xamar aurkitzen dela eta, Bola Jokorako Euskal Federazioko zuzendaritzak bola jokoa indartu eta beste bultzada bat eman nahi izan dio.
Horrela, ohiko txapelketak baino luzeagoa izango da aurtengoa. Lautik barik, guztira sei bolatokitatik igaroko da txapelketa, eta lehenengo hitzordua Eibarko Asola Berrin izango dute bolariek zapatu [urriak 8] honetan.
17:00etan emango zaio txapelketari hasiera. 5 euro ordainduta bakoitzak hiru botaldi egin ahalko ditu. Hala ere, bolatokia frogatzeko aukera librea egongo da 12:30etik 14:00etara eta 16:00etatik aurrera.
Sariak ondokoak izango dira:
1. 65 euro
2. 50 euro
3. 35 euro
4. 20 euro
5. 10 euro
6. Ustegabea
Txapelketako bola ofiziala 1 zenbakiduna izango dela aurreratu dute, eta ordezkoa 7a. Bestalde, ordezko bolatokia ere izendatuta dago: Garmendipe (Azpeitia). Txapelketa hasi aurretik zehaztuko dira, baita ere, ze taldek parte hartuko duten norgehiagokan eta zeintzuk izango diren bikoteak. Markina-Xemeingo Hiru Txirlo Taldeak zazpi talde aurkeztuko ditu esate baterako. Dena dela, eguneko jaurtialdian nahi duen orok parte hartu dezakeela gogora ekarri dute antolatzaileek, txapelketan parte hartu edo ez.
Eskualdean. Aurten ere, Lea Artibaitik igaroko da txapelketa. Barinagako (Markina-Xemein) eta Iruzubietako (Ziortza-Bolibar) bolatokiak txapelketako zirkuituaren parte izango dira. Urriaren 15ean ailegatuko da norgehiagoka Barinagara, eta azaroaren 5ean, berriz, Iruzubietara. Horiez gain, beste hiru bolatokitan bilduko dira hiru txirlo zaleak: urriaren 22an, Untzillan (Aramaio), Azaroaren 12an, Leintz Gatzagan eta azaroaren 19an, Etxaguenen (Aramaio). HEMEN EGITARAUA.
Ohi modura, txapelketan txirlo kopurua pilatzen joango da, eta azaroaren 19an erabakiko da aurtengo sailkapen orokorra.