'Denboraz' liburua aurkeztu du Txakur Gorria sormen kolektiboak
Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarra kolektiboko parte da, eta aurkezpenean egon da. Berria egunkariagaz lankidetzan kaleratu dute liburua.
Denboraz, galde-erantzunen bilduma aurkeztu dute gaur [urriak 6] Txakur Gorria sormen kolektiboko kideek. Ane Labaka, Mariñe Arbeo eta Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrak. Malen Amenabarrek ez du aurkezpenean egoterik eduki, baina gaur aurkeztu duten lana lauren artean sortutakoa dela azpimarratu dute.
Txakur Gorriak Berriako Bi Tarte atalean kolaboratzen du orain dela hiru bat ikasturtetik, domekatako iritzi-zutabe ilustratuekin, eta gaur aurkeztutako liburuaren oinarria 2019tik 2021era bitartean idatzitako zutabeen txatalak direla argitu dute, baina, gaineratu dute ez dela testu bilduma huts bat: “Denboraren joanari berari buruzko gogoeta bat ere bada, hitzezkoa eta irudizkoa; hortik datorkio izenburua ere. Testu eta irudi berriekin josi ditugu lehendik idatzitako testuak”.
Domekaz domeka pilatutako material guztia ikusi zutenean, “hortik bestelako artefakturen bat garatu zitekeela” pentsatu zuten, eta ideia horren emaitza da liburua.
Azaldu dutenez, irakurleak testu laburrak eta irudi zabalak, nasaiak aurkituko ditu liburuan. Iritzi testuak gaika multzokatzen saiatu dira. “Batez ere zaintzaz, gorputzaz, diruaz, zapalkuntza eta pribilegio anitzez aritu izan gara gure zutabeetan, feminismoak eskainitako iturri eta esperientzietatik edanez askotan”. Eta, 2020. urtean, pandemiaren eraginez bizi zituzten ezintasunak eta sentimendu ilunxeagoak ere harrapatuta geratu dira liburuan. Bloketik blokera, berriz, galderek edo kontakizun laburrek zabaltzen dute bidea.
Aurkezpena amaitu aurretik, Txakur Gorria sormen kolektiboko kideek eskerrak eman nahi izan dizkiote Berriari: “Txakur Gorria sormen taldea sortu genuenez geroztik, garrantzia berezia eman diogu kolektiboki lan egiteari, eta Berriak laurok parte hartzeko leku hau eskaini zigun. Bi Tarte atala erakusleiho itzela izan da guretzat, beste hainbat espaziotara iristeko bitarteko bezala balio izan digun plaza ederra. Eskerrik asko bihotzez”.
Liburua Txakur Gorriaren webgunean zein Berriaren online dendan jarri dute salgai, eta Durangoko Azokan ere egongo da eskuragarri.