Lekeitiarrekin bat egingo du 45. Euskal Zine Bilerak
Jaialdiko zutabe nagusiak herritarrak izango direla esan dute, eta horien garrantzia azpimarratuz, herritarrak protagonista dituen kartel bereziak kaleratu ditu. Urriaren 20tik 23ra bitartean ospatuko da 45. jaialdia.
Lekeition zinea gara leloagaz dator aurten, urriaren 20tik 23ra bitartean ospatuko den 45. Euskal Zine Bilera. Gaur [urriak 6] arratsaldean egin dute aurkezpena eta jaialdiaren berrikuntzak eta aurtengo ildo nagusiak azaldu dituzte Koldo Goitia Markuerkiaga Lekeitioko alkateak eta Xabier Arrate Burgillo Euskal Zine Bilerako koordinatzaileak.
45. jaialdiko zutabe nagusiak herritarrak izango direla esan dute, lekeitiarrak hain zuzen ere. «Haiek dira Euskal Zine Bilera bizirik mantentzen dutenak, euskarazko zinemagintza bultzatzen dutenak eta, orohar, Lekeitioko jaialdia osatzen dutenak». Garrantzia hori 45. EZBren kartelean bertan ere ikusi daiteke; sei kartel berezi kaleratu ditu aurten jaialdiak, herritarrak protagonista dituena.
Beste aldaketa batzuk ere egongo dira. Izan ere, oinarrietara, normaltasun zaharrera itzuli, eta berriro ere zinema izatea dute helburu. «Aurten 45urte beteko ditugu, eta sekula baino arrazoi gehiago ditugu Lekeition zinema garela esateko. Euskal Herrian mantentzen den jaialdi zaharrena da gurea, eta euskara hutsez egiten den bakarra Euskal Herriaren hegoaldean behintzat».
Euskal Zinemaren Herriarekin lotu nahi gara berriro eta zinemara joateko ohiturari balorea eman
Jaialdiak ohi baino egun gutxiago iraungo ditu, baina «intentsoagoa” izango dela azpimarratu dute bizipenei dagokienez: “Berez garenarekin berriro konektatzeko tarte bat hartu nahi dugu berriz. Euskal Zinemaren Herriarekin lotu nahi gara berriro eta zinemara joateko ohiturari balorea eman». Eta, horretarako, indar guztiak harremanetan inbertitu eta bilera izaera bereziki sendotzea dute asmoa aurten. «Amateur zein profesionalen arteko harremanak, herritarren eta herrira etorriko direnen artekoak, zinema eta Lekeitioren artekoak. Jaialdia, esperientzia eta bizipen berezia izaten jarraitzea da aurtengo helburu nagusia”.
Lehiaketa. Aurkeztutako lan guztietatik aukeraketa bat egin dute, eta hogei film labur ariko dira lehian. Hiru epaimahaikidek erabakiko dituzte saridunak: Getari Etxegarai aktore eta zuzendariak, Paul Urkijo zine zuzendariak eta Izaskun Urkijo arkitekto eta arte zuzendariak. Bost sari egongo dira: Film onenaren saria (3.000 euro), Zuzendaritza onenaren saria (1.600 euro), Gidoi onenaren saria (1.600 euro), Ikuslearen saria (750 euro) eta Gazte 22 saria (750 euro).
Ramon Agirre Lasarte euskal aktore, idazle eta margolaria omenduko du jaialdiak
Lehiaketaz kanpo, bestalde, EZBren sustatzaile Benito Ansola Erkiagaren Aittitta Makurra filma emango dute, eta Ansolagaz beragaz solasaldian jarduteko aukera egongo da. Horrez gain, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den Kameratoia Euskal Ikusentzunezkoen Rallyko lanen emaitzak ere Ikusgarri zinema aretoan egingo den sari banaketa ekitaldian ezagutu ahal izango dira.
Bestalde, Ramon Agirre Lasarte euskal aktore, idazle eta margolariarengan jarriko du begirada jaialdiak, eta bere legatua aitortu, ospatu eta omentzeko tartea eskeiniko dute.
Emakume Zinegileen Topaketa Profesionalak ere burutuko dira aurtengo bileraren baitan. EZBren barnean (H)emen Gaude espazioak lehio bat zabaltzen dio euskal ikus-entzunezkoen sektoreari momentuan dauden problematika edo hausnarketak plazaratzeko. Aurten, Arantza Santesteban zinegilearen lana emango dute ezagutzera 918 Gau filmearen bidez eta Kristina Zorita kazetari eta zinegileak egingo dion elkarrizketaren bitartez.
Aurtengo egirauaren barruan, super 8 tailer bat garatuko dute, Zine-Lab proiektuko kideekin batera. Parte-hartzaileek Super 8 formatuan filme bat sortzeko oinarrizko prozesuak eta materialak ezagutuko dituzte. Gero, lantegi praktiko batean pelikula bat fillmatu eta errebelatu eta Super 8-an proiektatuko dute azkenik.
Sormenari bide emanez, baita ere, EZBk, Arropaineko Arraguarekin elkarlanean ikus entzunezko sormenerako praktika bat eramango du aurrera herriko ikastetxeetako ikasleekin batera.