Oletako Eskoletxearen erradiografia
Josune Carracedok, Mari Asun Gabiolak eta Ibai Zabalak Oletako Eskoletxeari buruzko argazki erakusketa egin dute, eskolako eraikinean bertan. Argazki zaharren koloreztatzean oinarritu da.
Hainbeste oletar urtez urte hartu eta hezi dituen Oletako Eskoletxea isilpean egon da denbora luzez, baina isilunea amaitu da behingoz. Eskolak bere lehen itxuraldatzea duela lau urte bizi izan zuen: Josune Carracedo bilbotar artistak bere arte tailerra bertan ipini zuen.
Orduantxe hasi zen eskola kulturgune bihurtzen, eta, orain, Carracedok eraikin horri eta bere erabiltzaile historikoei emandakoa bueltatu gura izan die: Eskoletxea oinarri hartutako argazki erakusketa eduki du ikusgai iragan astean, eta, argitu duenez, auzotarren «erantzun paregabea» jaso du egitasmoak. Gainera, barikutik [urriak 7] domekara [urriak 9] arte ere zabalik egongo da: barikuan [urriak 7], 18:00etatik 19:00etara; zapatuan [urriak 8], 11:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 19:00etara; domekan [urriak 9], aldiz, 11:00etatik 12:00etara.
Carracero: “Nahikoa ahaztuta egon da eraikina, auzotarrek ere ez baitzekiten zertarako erabili; dena dela, espazio hori bizirik mantentzea garrantzitsua da”
Erakusketa horretan, bidaide eduki ditu Ibai Zabala eta Mari Asun Gabiola: lehenengoak erakusketan argitara emandako bideoa sortu du; bigarrena dokumentazio lanez arduratu da. Ikasle izandako umeen argazki sortagaz jo zuten, eta orduan hasi ziren gehiagoren indusketa lanetan. Lortutakoak koloreztatu egin ditu Carracedok.
Artistaren arabera, Oletako Eskoletxeari ez zaio «jaramon handirik» egin urteak joan, urteak etorri: «Munitibarretik Lekeitiorako bidean, pasoko tokia da Oleta eta, beraz, nahikoa ahaztuta egon da eraikina, auzotarrek ere ez baitzekiten zertarako erabili; dena dela, espazio hori bizirik mantentzea garrantzitsua da, Oletako memoria historikoaren eta auzotarren arteko loturaren berebiziko gunea delako».
Erakusketaren zutabea antzinako argazkiak egungo baliabideekin koloreztatzea da, Carracedok adierazi modura, eta horrexegatik dio Oletako Eskoletxekoa ez dela dokumentazio proiektu bat, «lan artistikoa baino». Hori bai, argazkietan auzotar ugari ageri denez, egileak nabarmendu du, erakusketa publikoarentzat zabalik egon den astebetean, «beren burua eta ezagunena ikusteko asmoz hurreratu direla hainbat auzotar, baina argazkien eguneratze lanak, alegia, alderdi artistikoak «arreta deitu duela orokorrean».
Aurkezpen agerraldiak eduki zuen harrera ere azpimarratu dute: “50 herritar inguru elkartu ziren, eskola lepo egon zen, eta momentu benetan bereziak bizi genituen denok”
Harrera aipatuta, amorotarrak eta inguruko herrietakoak izan dira erakusketatik gehien pasatu direnak; dena dela, urrunagotik bertaratutakoak ere egon dira. «Bilbotik eta Nafarroatik etorri ziren lagun batzuk, eta asko gustatu zitzaien proiektua».
Erakusketan, gainera, kolaboratzaile bat eduki zuen hirukote sortzaileak: Gotzone Goitiandiak bertaratutako guztiei harrera egin, eta esatari beharrak egin zituen.
Teknikoki, Carracedok «nahikoa agerian» utzi nahi izan du erabilitako programa digitalagaz egin duen koloreztatze edizioa: «Antzinako sepia koloredun argazkien eta edizioaren koloreen arteko aldea begibistakoa izatea bilatu dut, ikuslea ezberdintasunez kargutu dadin; argazkiren batean edo bestean, kasurako, fosforito kolorea ere badago».
Joan den astean, goizez nahiz arratsaldez egon zen zabalik Oletako Eskoletxeko erakusketa, eta, egileen berbetan, «arrakastatsua» izan da: «Astean jende dezente pasatu da ikustera, baina, beharbada, pozgarriena da aste egunetan bisita egindakoak asko izan zirela; asteon errepikatzea espero dugu».
Emozioa aurkezpenean. Proiektuaren aurkezpen ekitaldian Eulalia Gabiola Belaustegigoitia omendu zuten; hura izan zen eskolako azken irakaslea. Omenaldi modura, Zabalak ekoitzitako bideoa estreinatu zuten, eta bertaratutako guztien artean «oso ageriko emozioa» nabarmendu zen.
Hunkituta egon zen, era berean, Carracedo bera ere, Gabiola ezagutzeko aukera ozta-ozta galdu zuen arren. «Tamalez, Eulalia duela lau urte zendu zen; hain zuzen ere, ni Oletara ailegatu baino hilabetea lehenago gertatu zen, eta ez nuen irakaslea aurrez aurre ezagutzerik eduki».
Bestalde, erakusketaren aurkezpen agerraldiak eduki zuen harrera ere azpimarratu du Bilbokoak: «50 herritar inguru elkartu ziren, eskola lepo egon zen, eta momentu benetan bereziak bizi genituen denok. Igarri nuena zera izan zen, hartzaileak eurak proiektuagaz eta, batez ere, bertan erakusten denagaz oso identifikatuta sentitu zirela; hori gauza oso handia da guretzat». Horregaz lotuta, artistak aitortu du oletarrek erakutsitako babesa «gako» izan dela hiru urte pasatxo abiatu zuen proiektu hori burutzeko bidean: «Hona etorri nintzenez geroztik, bertokotzat hartu naute; hauxe da auzoari eta auzotarrei egin diezaiedan omenaldirik onena».