Energia iturri izan da II. Aniztasunaren Besarkada Eguna
"Giro paregabean" burutu ziren zapatuko ospakizuneko ekimenak, Ondarroako Itsasaurren.
Ekairen urtebetetze eguna ospatzeko burututako ekimenera hurbildu zirenek arratsaldea “giro paregabean” ospatu zutela aitortu dute. Lehenengo edizioan baino jende gutxiago hurbildu bazen ere, “giro ezin hobea ezarri zuten eta asko gozatu dugu”.
Nagore Alegria txistulariaren doinuak dantzatu zituen Eñaut Markesek. Ondoren, Iñaki Lersundi eta Alexander Idoetaren bertsoez gozatu zuten entzuleek. “Bakoitzak bertso bana bota zuen, baina oso indartsuak izan ziren, ailegatzen diren horietakoak”. Andrabanda Feministaren batukadak inguruko herrietako 30 emakume baino gehiago batu zituen, eta ekimenean giroa ezartzeaz gain, bukatzean Etxelilarainoko bidean ere jotzen aritu ziren.
Besarkada espirala eguneko gako bilakatu zen: “Pila bat gustatu zaie, ezustean harrapatu ginduen, berezia izan zen eta energiak ondo kargatu genituen guztiok. Amaitzean elkar besarkatzeari ekin genion, botika ona da, eta sumatu genuen”. Hortaz, ekimenean parte hartu zuten guztiei eskerrak luzatu dizkiote antolatzaileek, eta datorren urteko hitzordua ezarri dute jada: Urriaren 14an, zapatuan burutuko da, eguerdian.

