Hawaiiko Ironmana lehiatu du Arnaitz Burgoak
Munduko Ironman Txapelketa lehiatu du Arnaitz Burgoa ondarrutarrak, eta pozik agertu da egindako lasterketagaz.
Lasterketa lehiatu aurreko egunetan, entrenatzen. Iturria: Arnaitz Burgoa Mundu mailako punta puntako 2397 atletek parte hartzen duten lasterketa gogorra burututa, eta sailkapen orokorreko 389. postua eskuratuta, bueltatu da ondarrutarra. 3,86 kilometro igeriketan, 180 kilometro bizikletan eta 42, 2 kilometro korrika, 9:43:39ko denboran burutu ditu Burgoak. Hain zuzen ere, bere kategoriako 37. postua eskuratuz.
Hirugarren aldia izan da Hawaiko lasterketan parte hartzen duena, eta aipatu duenez eguraldi aldetik aurrekoetan baino baldintza hobeagoak izan dituzte: “Bero handia eta haizea dira baldintza ohikoenak, baina kasu honetan ez dugu haize askorik izan, eta beroa ere eramangarria zen”.
Igeriketari ekin eta 1:01:46ko denboran osatu zuen lehenengo proba, ondoren bizikletara igo, eta 5:01:05eko denbora eginagaz: “Igeriketa eta bizikleta espero bezala joan dira, igerian eroso sentitu naiz eta bizikletan ere gustura. Sentsazio onak nituen”. Bizikletatik jaitsi, eta azken txanpari heltzean, sentsazioak aldatu egin zitzaizkion: “Korrika hastean erritmorik ez nuela eta gogorra izango zela sumatu nuen. Hala ere, azken 12 kilometroetaraino hasierako erritmoari heltzea lortu nuen. Azken kilometroak gogorragoak izan ziren, baina ohikoa izaten da horrelako froga luzeetan”.