Unai Urruzuno EH Bilduren mahai politikoko bozeramaile izendatu dute
Ondarrutarragaz batera, Bakartxo Ruiz ere hegoaldeko mahai politikoko bozeramaile izan da gaurtik aurrera. Bi bozeramaile berriek fiskalitatearen gaian jarri nahi izan dute arreta: "Premiazkoa da Euskal Herrian erreforma fiskalaren eztabaida irekitzea".
Gaur Donostiako egoitzan egindako agerraldian, Gari Mujika EH Bilduko Zuzendari Nagusiak Mahai Politikoak hartutako erabakia jakinarazi du: Unai Urruzuno ondarrutarra eta Bakartxo Ruiz hegoaldeko mahai politikoko bozeramaileak izango dira gaurtik aurrera. “Garai berriek komunikazioa hobetzea eskatzen dute, gure proposamenak eta neurriak herritarrei ahalik eta hobekien eta argien helarazteko”.
Hartutako erabakiaren berri eman ondoren, bi bozeramaile berriek EH Bilduk joan den astean aurkeztutako Ongizate Hitzarmenaren proposamenari heldu eta, zehazki, fiskalitatearen gaian jarri nahi izan dute arreta: “Premiazkoa da Euskal Herrian erreforma fiskalaren eztabaida irekitzea”. Europan jada zabalik dagoen eztabaida, Espainiar Estatuan ere hasi da: “Guretzat sakontasun gehiegirik ez bada ere, orain arte erakutsi diren zantzuak norabide egokian doazela adierazi behar dugu, norabidea bai baina inondik inora ere behar duen sakontasunarekin”.
Aditzera eman dutenez, Eusko Jaurlaritzak nahiz Nafarroako Gobernuak baditu tresnak urratsak emateko gai honetan: “Hemengo hiru aldundiek eta Nafarroako parlamentuak eztabaida honi heldu eta daukaguna baino progresiboagoa den eta justuagoa den politika fiskal baterantz jo behar dugu”.