Geoparkeak Unescoren Munduko Geoparke izendapenari eutsiko dio
Kalifikaziorik altuena lortuta Txartel Berdea esleitu diote adituek 2026ra arte.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak beste lau urtez, Unescoren Munduko Geoparke izendapenari eutsiko dio, hain zuzen ere, 2026ra arte. Ikerketa zientifikoaren, kontserbazioaren, hezkuntzaren eta natura turismoaren alorrean Geoparkeak egindako lana eta bilakaera aztertu ondoren, kalifikaziorik altuena lortu, eta Txartel Berdea Green Card esleitu diote adituek. Poztasun handiz jaso dute albistea Geoparkea osatzen duten hiru udalerriek, hala nola, Deba, Mutriku eta Zumaiako Udalek.
Geoparkeen Munduko Sarean jarraitzeko babesa beste lau urterako berritzea lortzen duen hirugarren aldia da jada, eta azterketan ikusitakoaren arabera ez da inolako neurri zuzentzailerik identifikatu. “Unescoren balioak betetzen dituen proiektu sendoa dugula agerian jartzen du aitorpen honek”, adierazi du Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzaileak.
Barriuso “oso pozik” agertu da hirugarren txartel berdea eskuratuta: “Geoparkearentzat garrantzitsua da Geoparkeen Munduko Sarean jarraitzea, hori baita gure lan esparrua. Aintzatespen honek gure ondare naturala eta kulturala zaintzeko eta sustatzeko ahaleginak areagotzera bultzatzen gaitu”. Eskerrak eman dizkie, era batera edo bestera, Euskal Kostaldeko Geoparkearen parte diren erakunde eta eragileei, eta baita, Geoparkeko herritarrei: “Unescoren aitortza guztion elkarlanari esker etorri da”.